Erripan gora

Orikaingo zelaia

Por Enrike Diez. de Ulzurrun - Domingo, 2 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Galería Noticia

Ortziral aunitzetan egiten omen du eguraldiak txarrera, esaera zaharrei jaramon egitera. Eta martxoko azkenean halaxe gertatu da;eguzki, euri, ateri. Bazterrak panpox. Alorrak mardul. Aurten, ilarra ugari Iruñerriko soroetan. Zelaiak loretsu, eta batez ere, jendetsu;igande eguzkitsuetan, bereziki. Beti da atsegina Sorauren herri txukun eta apaineraino oinez joatea, Ultzama ibaian goiti eginez. Herriko ostatuan zintzurra busti, sabela pittin bat berdindu gosearen zimikoa isilarazteko, eta atzera zangoen gainean, errekan beheiti. Bidean, erruz ibiltariak, txirrindulariak… eta hara, 5 laguneko familia bat, denak batera korrika, kirolean: ama, aita (haur-aulki bat bultzatuta), aulkiko ume gorria, neskato koxkortuxe bat, eta bosgarrena, txakur kirolaria, lepotik lokarriz helduta.

Orikaingo lurretan sartu, eta ederki handitu da jende emaria. Bazkal tenorea ez izanik ere, bide bazterreko erreleku eta mahai guztiak jendez lepo zuhaizpean;dena autoz beterik. Baina hori ez da deus aurreraxeago Orikaingo zelaian dagoen jende uholdearekin alderatuta. Erreleku guztiak ke isurian. Reggeton eta ballenato doinuak airean. Kanpin-denda handiak zelai zabalean. Zibilak patroletik jaitsi berriak. Debeku da horrelako kanpin-dendak paratzea. 1940ean, Ezkabarteko alkateak oharra idatzi zuen: “galaraziak dira Orikaingo zelaiko bainu lizunak oro…”. Garai hartan eta puskaz geroago ere, zibilak zaldiz iristen ziren, “kapote” kaki handia bizkarrean jan-tzia.

Arreko dermioan ere gauza bera, parrillak su gainean. Futbol-zelaiaren ondoan, “aita”, “ama”, haurren ezpainetan. Zahatoa, eskutik eskura dantzan. Aitzinago, herriko zubi zaharra zeharkatuta, haragia ere errelekuetan, eta gitarra hotsak nahiz rumba doinuak inguruan. Handik hurbil, erromes saldo bat, Trinitateko ur-jauzi ikusgarriari beha, unearen ederra argazkiratu nahian.