Maddalen Mendizabal Blogaria

“Zerbait jantzi nahi badut hala egiten dut, ez dut inorren onarpena behar”

‘Magdalai’ blogaren sortzailea da Maddalen Mendizabal idiazabaldarra eta bertan astean behin igotzen du post bat. Orain, gainera, Segura Irratian kolaboratzen hasi da azken tendentzien inguruko informazioa zabalduz

M. Aranburu - Domingo, 2 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Maddalen Mendizabal

Galería Noticia

Maddalen Mendizabal

idiazabal- Medikuntzako bosgarren maila ikasten ari bada ere, Maddalen Mendizabal idiazabaldarrak badu bestelako pasio bat: moda. Txikitatik gustatu izan zaion mundua da eta orain gutxi Magdalaiizeneko bloga zabaldu du bere pasioa besteekin elkarbanatzeko asmoarekin.

Nolatan erabaki zenuen blog bat zabaltzea?

-Iazko udan izan zen. Orduan ez nintzen oso momentu ona pasatzen ari ikasketak zirela eta, estres handia nuen...eta aldaketa bat behar nuen nire bizitzan. Ikusita neukan modaren inguruko blogak bazeudela, eta horrelaxe pentsatu nuen nik ere nirea sortzea. Egia esan niretzat bloga egunerokotik ihes egiteko modu bat bihurtu da.

‘Magdalai’ deitzen da zure bloga. Izango du azalpenen bat...

-Zalantzak izan nituen. Nire izena Maria Magdalenatik dator eta kontakizunek diote Maria Magdalena Israeleko Magdala herrian bizi izan zela. Izena gustatzen zitzaidan baina ez zidan guztiz betetzen eta bukaeran i bat erantsi nion eta estetikoki politagoa dela iruditzen zait.

Agian askok esango zizuten honakoa: “Blog bat… hiru argazki atera, testua idatzi eta listo, ez du lan handirik”. Egia da edo uste baino lan gehiago dago?

-Ba askok hori uste dute baina lana dago atzean, asko harrituko ziren zenbat denbora eramaten duen argitalpen bat prestatzeak. Aurreko batean, adibidez, argazkiak atera-tzera joan nintzen lagun batekin eta euria hasi zuen. 200 argazki inguru aterako genituen, eta horietatik 35 inguru aukeratu. Beix koloreko txapel bat neraman eta argazkiak aukeratzerakoan ikusi nuen euri tantak nabaritzen zirela bertan. Noski, ez zen batere ondo geratzen argazkietan eta horrela, 35 argazki horiek editatzen egon nintzen denbora dezente txapeleko tantak kentzeko. Adibide soil bat da, baina uste dut erreferentzia moduan balio duela.

Baina argazkiak atera baino lehen ere badago lana: argazkiak atera-tzeko leku polit bat eta ahal bada originala bilatu behar da, arropa aukeratu, argazkiak aterako dizkizun norbait topatu… eta ondoren dena editatu eta testua idatzi. Badakit ez dela agian beste lan batzuekin alderatzeko modukoa, baina esfortzua eta denbora eskaini behar zaizkio.

Zein zailtasun izaten dituzu?

-Batez ere argazkiekin izaten dut arazoa. Leku originalak bilatu nahi ditut baina askotan ez da erraza izaten. Bestalde, argazkiak lagunek ateratzen dizkidate, ahal dutenean. Hori guztia lotzea ez da erraza izaten, baina asko eskertzen dut haien laguntza.

Blogaz gain, orain irratian ere hasi zara aurtengo tendentzien berri ematen.

-Bai, Segura Irratitik deitu zidaten ea parte hartu nahi nuen jakiteko. Niretzat poz handia izan zen, ez nuen inolaz ere halakorik espero. Horrela, bi astez behin hamabost minutu inguruko saioa egiten dut. Bihar bertan han izango naiz, 12.15ak inguruan azken tendentzien inguruan hizketan, 89.2FM-an.

Arrakasta handia lortu dute blogari askok, eta pasioa ogibide bihurtu dute. Zein da zure helburua?

-Medikuntzako ikasketak amaitzea da nire lehenengo helburua. Egun bosgarren mailan nabil eta erronka hori dut. Blogari dagokionez, oraingoz horrela gustura nabil. Ez dut ukatuko, gustatuko zitzaidan marka edo pertsonaren batek nirekin kontatzea nire estiloa gustatzen zaiolako, nigan pentsatu duelako. Egia da blogari askok arrakasta handia lortu dutela, baina hori geroz eta zailagoa dela esango nuke, finean, modaren inguruko blog asko daude eta zaila da nabarmentzea.

Estiloa aipatu duzu. Nola definituko zenuke zure estiloa?

-Esango nuke tendentziak jarrai-tzen ditudala baina nire moduan janzten ditudala. Zerbait asko eraman daiteke, baina nire toke pertsonala ematea gustatzen zait, ez beste guztiak janzten diren moduan joatea. Hala ere, egia da definitzeko hitz bat erabili beharko banu agian Idiazabal den herri txikirako oso arriskatua dela esango nukeela (barreak). Askok esan izan didate ea nola janzten ditudan ba txapela bezalako gauzak, nora ote noan horrela jantzita…

Beraz esan izan dizute zerbait zure janzteko estiloaren inguruan.

-Askotan. Ni ez naiz besteak janzten diren moduarekin sartzen, baina egia esan horrelako iruzkinei ez diet batere kasurik egiten, esan dezaket horrenbeste entzun ditudala orain ez diedala kasurik egiten. Zerbait jantzi nahi badut hala egiten dut, eta ez dut besteen onarpena behar horretarako. Gainera, mezu positiboak ere izan ditut eta zoriondu egin didate egiten dudan lanagatik eta izan dudan ausardiagatik.

las claves

Mendi bat. Gure herriko monolitoa dagoen tontorra.

Hondartza bat. Ez naiz hondartza askotan izan, baina Donostiako Ondarreta.

Festa edo ekitaldi bat. Udako edozein herritako festak. Berdin zait nongoak diren, baina udan izan behar dute.

Pasaia bat. Eguzkia sartzen ikustea gustatzen zait, eta itsasoan baldin bada, are gehiago.

Txoko gustukoena. Donostiako Nautiko jatetxe ondoan eskilara handi batzuk daude, ba horiek. Lasaitasun handia ematen didan lekua da eta ahal dudan guztietan joaten naiz.

G

ipuzkoatzen

Más sobre Vecinos

ir a Vecinos »