Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Krisi ekonomikoak 62.000ra arte handitu zuen pobrezia egoera larrian zeuden pertsonen kopurua 2008 eta 2014. urteen artean

Foru Komunitatea izan da indize hori neurtzen lehena, 2008ko datuei erreparatuta krisiaren eragina islatzen duen "pobrezia ainguratuaren" metodologia erabilita

navarra.es - Lunes, 3 de Abril de 2017 - Actualizado a las 14:56h

Pobrezia larriaren indizea % 8,4tik % 10,1era igo zen Nafarroan, krisi ekonomikoaren eraginez;2008an, 51.000 bat lagun zeuden pobrezia egoera larrian, eta 2014an, 62.000 inguru. Gainera, denbora-aldi berean, sei puntu igo zen pobrezia arriskua ere, % 21,1etik % 27,4ra. Datu horiek atera daitezke Eskubide Sozialetako Departamentuaren Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako "Tendenciass" buletinaren laugarren alean argitaratutako azterlanetik.

Patxi Tuñon Errealitate Sozialaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Behatokiko zuzendari nagusiak nabarmendu du gaur prentsaren aurrean egindako azterlanaren aurkezpenean, administrazio autonomiko batek "pobrezia ainguratuaren" metodologia erabilita azterlan bat egiten duen lehen aldia dela. Prozedura horri esker, "modu errealistagoan eta zehatzagoan ikus daiteke ziklo ekonomiko batek izan duen inpaktua, eta kasu honetan krisia hasi zen urtea hartu da erreferentziatzat;horrek balio izan du aztertutako denbora-aldian herritarren diru-sarrerek izan duten bilakaera egiaztatzeko". Bestalde, txostenak dio 16 urtez azpiko pertsonen taldea izan dela krisiaren eragina gogorren jasan duena eta, hain zuzen ere, bere gain pobrezia-tasa handienak hartzen dituen adin-tartea da;65 urtetik gorako pertsonak dira, berriz, gizonak batez ere, krisiaren eragin txikiena jasan dutenak.

Zentzu horretan, adierazi behar da haurren eta gazteen pobrezia-mailak handiagoak izango liratekeela familien etxeetan ez balira elkarrekin biziko belaunaldi ezberdinak, eta hori adin aurreratuetara arte gertatzen da. Azterlanak arreta berezia eskaintzen dio haurren pobrezia-maila handiari, Nafarroako gizartearentzako erronka handienetako bat bezala. Pobreziaren feminizazioa Halaber, agiri horrek jasotzen du emakumeek pobrezia-arrisku handiagoa dutela.

Adin-tarte guztietan ikusten da desberdintasun hori, batez ere 65 urtetik gorako pertsonen taldean;adin-tarte horretan handiagoa da gizonen eta emakumeen arteko aldea. "Pobreziaren feminizazio" hori bereziki nabarmentzekoa da, alde batetik, emakume alargunen kasuan, batez ere etxetik kanpo lanik egin ez duten 65 urtetik gorakoetan, eta bestetik, lan-munduan tarteka egon diren emakume alargun gazteen kasuan, batez ere adineko pertsonak, haurrak edo aniztasun funtzionalak dituzten pertsonak zaintzeko lanaldi murrizketak izan dituztenen artean. Bestalde, erretiroagatiko pentsioa jasotzeko eskubidea izateko nahikoa denboraz lan-merkatuan egon ez diren emakume helduei edo pentsio oso txikiak jasotzen dituztenei ere eragiten die, eta horrek pobrezia-tasa handiagoak islatzen ditu. Nazionalitateari dagokionez, datuek erakusten dute, 2014an, atzerritarren % 70 "pobrea" zela teknikoki;egoera berean zeuden Foru Komunitatean bizi ziren espainiar nazionalitateko pertsonen % 20.

Horrek erakusten du nazionalitatea funtsezko faktorea dela pobreziaren banaketan. Pobrezia larriari dagokionez ere, aldeak nabarmenak dira. 2014an, espainiar biztanleen % 6,9 zegoen egoera horretan, eta atzerritarren % 29,6. Zentzu horretan, aldea oso handia da adingabeen artean, haien nazionalitatearen arabera. Horrela, atzerritar nazionalitateko adingabeen % 81,4 zegoen pobrezia-arriskuan 2014an;zifra horrek ia hirukoiztu egiten du egoera horretan zeuden espainiar nazionalitateko adingabeena, % 30,1ekoa baitzen;pobrezia larriaren kasuan, atzerritar nazionalitateko adingabeen % 43,8 zegoen egoera horretan, eta espainiar nazionalitateko adingabeen % 12,7.

Banaketa geografikoa

Pobreziaren banaketa geografikoari dagokionez, esan daiteke desberdintasun nabarmen batzuk daudela Gizarte Zerbitzuak egindako analisiaren arabera, kasu honetan ere 2008an ainguratutako atalasearen metodologia erabilita. Horrela, batez ere Tutera, Tafalla eta Lizarra inguruan kontzentratzen zen pobrezia 2014an. Nabarmentzekoa da Tuterako Eremuak zuela portzentajerik handiena tasa bietan: % 37,6koa zen pobrezia-arriskua, eta % 13,6koa pobrezia larria. 2008ko eta 2014ko datuak alderatuta, ikusten da tasa horiek eremu guztietan handitu direla 2008. urtearekiko, baina ez diote eredu berari jarraitu. Tutera inguruan gertatu zen pobrezia-arriskuan zeudenen tasaren igoera handiena, ondoren Ipar-mendebaldeko eremuan eta Iruñean eta Iruñerrian. Azterlanak dio datu horiek zuzenean lotuta daudela krisialdian langabeziak izan duen eragin geografiko ezberdinarekin.

Ainguratutako atalaseak

Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari Antidio Martinez de Lizarrondok azaldu duenez, urte bakoitzeko pobrezia erlatiboaren tasak erabili izan dira orain arte Nafarroan. "Denboran ainguratutako atalasearen" edo "atalase egonkorraren" metodologiak urte jakin batean oinarrituta aztertzen du pobrezia, konstante mantentzen dena termino errealetan, errentaren bolumenean eta banaketan gertatutako aldaketen eragina eta erregistratutako inflazioaren eragina hartzen baititu kontuan. OCDEk eta Eurostatek ere ikuspegi hori erabiltzen dute, eta pobrezia-atalase erlatiboen ohiko analisia osatzen du, azken horiek ez baitituzte erabat islatzen hedapeneko eta kontrakzioko ziklo ekonomikoak.

Horrela, urte bakoitzeko atalase erlatiboen analisiak adieraziko luke pobrezia jaitsi egin dela Nafarroan 2008. eta 2014. urteen artean. Azterlana egiteko erabili diren datuak Nafarroako Estatistika Institutuak Foru Ogasunaren datuetatik abiatuta egiten duen Nafarroako biztanleriaren errentaren Estatistikatik atera dira;horiek Bizi-baldintzen Inkestaren bitartez eskuratutakoek baino fidagarritasun handiagoa dute.

Aurreko buletinak

2016ko martxoan argitaratu zuten Errealitate Sozialaren Behatokiaren buletin digitalaren lehen alea;Gizarteratzeko Errentak –gaur egun Errenta Bermatua deitzen denak– zuen eragin ekonomikoari buruzkoa izan zen. Horretarako, prestazio horren itzulketa ekonomikoaren analisia egin zen, Balio Erantsi Gordina (BEG), enplegua eta zerga-itzulketak kontuan hartuta. Aldagai horien azterketak erakutsi zuen 2015ean zehar Gizarteratzeko Errentan egindako 63,88 milioi euroko inbertsioak 64 milioi euroko isla izan zuela Nafarroako ekonomian;hau da, inbertitutako euro bakoitzeko 1,002 euro itzuli ziren Balio Erantsi Gordin bezala, eta guztizko inpaktua Foru Komunitateko BEGren % 0,37koa izan zen.

Tendenciass buletinaren bigarren alea iazko ekainean argitaratu zen;Nafarroako lan-merkatuan egindako kontratazioak aztertu zituzten, aldagai soziodemografiko ezberdinen, kontratu moten eta kontratuen errotazio-indizearen azterketaren bitartez. Azterketa hari esker, egiaztatu ahal izan zen asko murriztu zirela kontratu mugagabeak;% 10,81 izan ziren 2008an, eta % 4,94 2014an. Halaber, zazpi egun baino gutxiagoko aldi baterako kontratuak gehitu egin zirela ikusi zen, urtebetetik gorako iraupeneko kontratuak gutxitu eta errotazio-indizea handitu egin zela. 2016ko urrian argitaratu zen buletinaren hirugarren alea;ezgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta lan-munduratzea izan zuen aztergai ale hark. Horretarako, Eskubide Sozialetako Departamentuaren beraren datu-baseak aztertu ziren.

Ikerkuntza haren ondorioz, egiaztatu ahal izan zen % 33tik gorako aitortutako ezgaitasuna zuten pertsonak izan zirela 2015ean, Gizarteratzeko Errenta jasotzen zuten pertsonen % 4,7. Halaber, analisiak argi utzi zuen eragin handia duela kolektibo horrengan iraupen luzeko langabeziak, ezgaitasuna duten hamar langabetatik seik urtebete baino gehiago baitarama langabezian;portzentaje hori ia erdira jaisten da (% 34) ezgaitasunik ez duten langabeen artean.

Últimas Noticias Multimedia