Goierri Gorrik azken minutuan lortu zuen partida irabaztea

2017(e)ko apirilaren 4a, asteartea - 11:42etan eguneratua

BEASAIN – Partida nahasia jokatu zuten larunbatean Elorrion Goierri Gorri taldekoek. Markagailuan aurretik eta atzetik egon ziren gorritxoak, baina azken minutuetako eromenak garaipena eman zien. Lehenengo zatia 1- 1 amaitu zen, azkeneko minutuetan Ane Lopezek sartutako golari esker. Bigarren zatia hasi eta berehala aurreratu ziren gorritxoak, 1-2koa eginez. Azken ordu laurden ingurura arte horrela jarraitu zuen partidak eta orduan bizkaitarrek berdintzea ez ezik aurretik jartzea ere lortu zuten hirugarren gola penaltiz eginez, 3-2. Baina gorritxoak borrokan jarraitu zuten eta berdinketaren gola Maddi Aiestaranek egin zuen penaltiz, 3-3. Azkenik, aldeko korner bateko aldaratzea hartu eta Miren Etxebestek egin zuen amaierako 3-4koa. – M.A.