Irristaketa ikastaroetan eman daiteke izena

Zarauzko haur eta helduei zuzenduta daude eta hiru orduko zenbait ikastaro ere emango dira

2017(e)ko apirilaren 6a, osteguna - 06:12etan eguneratua

Zarautz- Zarautz Kirol Elkartean irristaketa saila jarri da martxan eta larunbatean egindako aurkezpen irekiaren ondoren, astelehenean hirugarren hiruhilekorako ikastaroekin hasi ziren eta izen-emateak oraindik ere zabalik daude.

Irristaketa sailetik azaldu dutenez, astelehen eta asteazkenetan ume zein helduentzat izango dituzte ikastaroak, eta berritasun gisa, udaberrian hiru orduko zenbait ikastaro ere egingo dituzte;lehena, apirilaren 22an eskainiko da 25 euroren truke. Hala, ikastaroak interesa duen edonori zuzenduta daude, sekula patinik jantzi ez duenetik hasi eta patinatzen jakin arren, teknika landu eta hobetu nahi dueneraino. “Oinarrizko mugimenduak, geldiarazte desberdinak, biratzea edo espaloiak segurtasunez igo eta jaistea, bidegorrietan aurkitu daitezkeen oztopoei aurre egiteko trebeziak eta bestelako teknika baliogarriak ikasi ahal izango dira. Taldean patinatzen ikasiko dugu, eta gero eta maizago antolatzen diren ibilbide eta lasterketetan parte hartzeko prestatuko gara”, azaldu dute sailetik.

Ikastaroak zinema pilotalekuan emango dira, eta ordutegiei dagokienez, haurrak astelehenetan 17.00etatik 18.00etara elkartuko dira, eta helduak, berriz, astelehen eta asteazkenetan 18.00etatik 19.00etara. Astean saio batengatik 65 euro ordaindu beharko dira hiruhilabetean.

Ikastaroren batean izena eman nahi duenak 669 837 409 zenbakira wasapa bidali beharko du edota zkeirristaketa@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat idatzi. - A.R.