Lehenengo bost Txapelketa Nagusira pasako dira

Julio Soto, Nafarroako txapelduna laugarrenez

Lazkozekin buruz burukoa jokatu ondoren gailendu zen gorritiarra
Lehenengo bost sailkatuak Txapelketa Nagusira pasako dira

Miren Mindegia Iñaki Porto - Domingo, 9 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Julio Soto, bere laugarren txapela jantzita.

Julio Soto, bere laugarren txapela jantzita. (IÑAKI PORTO)

Galería Noticia

Julio Soto, bere laugarren txapela jantzita.

“Eskerrak zueri gazteak bizirik dago gure euskera, segi holaxe aurrera!”

IRUÑEA. Julio Sotok eraman zuen txapelaatzo Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako 43. edizioaren finalean, Eneko Lazkozekin buruz-burukoa jokatu ondoren. Erran beharra dago, bestalde, oholtza gainean bildu ziren zortzi bertsolariek saio borobil eta orekatua egitea lortu zutela, eta horren erakusle izan zen puntuazioen alde estua.

Soto eta Lazkoz bi puntuko aldearekin pasa ziren buruz-burukora.Sotok zortziko handian lortu zituen bere puntuaziorik honenak eta Lazkoz hamarreko txikian eta banakako gaiean nagusitu zen.

Iruñea euskararen hiriburu bilakatu den asteburu honetan, nafar bertsogintzak indarrean dagoela erakutsi zuen atzokoan ere. Anaitasuna kiroldegia lepo bete zuten Euskal Herriko bazter guztietatik hurbildutako zaleek, 1.300 inguru bildu ziren denetara.

Lehenengo bost sailkatuak, Txapelketa Nagusira Txapela ez zen atzo banatu zen sari bakarra, alta. Izan ere, udazkenean hasiko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako pasea eskuratu zuten lehenengo bost sailkatuek. Soto eta Lazkozekin batera, hala, Ander Fuentes ‘Itturri’, Aimar Karrika eta Xabi Maia bertsolariek Euskal Herri mailako txapelketan aritzeko aukera izanen dute. Maia, Nafarroako finaleko oholtzara lehenengoz iritsitako bertsolari bakarra zen eta dagoen lekuan gelditzeko etorri dela erakutsi zuen atzo.

Unez-uneTxapelketaren doinuaren lehenengo notak aditzearekin batera oholtzaratu ziren Nafarroako Bertsolari Txapelketako 43. edizioko finaleko zortzi finalistak, publikoaren txaloez babestuta. Fernando Anbustegik, txapelketa honen antolakuntzan lagundu duten boluntarioei eskerrak ematen ekin zion saioari, 17:10ak aldean.

Lehenengo bi ariketak arin joan ziren eta bertsolariek gogotsu, fin heldu zieten Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak jarri zizkien gaiei. Maila ederra erakutsi zuten denek hasieratik, bertso ale ederrak utziz bai zortziko txikian bai zortziko handian ere. Puntukako ariketan pottoren batek ihes egin bazuen ere, zortzi bertsolariak maila paretsuan aritu ziren.

Gorritiarrak bihotzetik abestu zuen, eta hala erakutsi zuen buruz-burukoa jokatu aintzinetik egindako bakarkako lanean, publikoaren txalo zaparrada piztuz bertsoa akabatu ahala: “Barrunbearen ispilu / nola den neretzat oholtza / naizenaren ispilu da / kantatu bertso bakoitza / lehen nintzen ume gazte / ez beldur ez lotsa / baina orain errexago / erakusten dut bihotza”, bukatu zuen bigarren bertsoa.

Etxarri Aranazko bertsolariak ere ale ederrak utzi zituen euskara ikasi duen atzerritarraren paperean: “Euskal Herritik nahiko aparte / da mapan Extremadura / han desberdina dugu klima ta / eguneroko ohitura / mutil lagunak Iñaki izen eta harekin iritsi nintzen / ni euskaldunen mundura/ gero AEKn matrikulatu ta klasean ze gustura / hemen harrotza sentitze horrek / sortzen baitzidan ardura/ hamaika orduz hortxe klasea / nere helmuga barneratzea / hizkuntza eta kultura / eta egi bihurtu da”.

xehetasunak

1.300 ikusle inguru. Iruñeko Anaitasuna Kiroldegia lepo bete zen. Tartean, bertsolari ugari ikusi ahal izan ziren, Miren Amuriza eta Alaia Martin, besteak beste.

Luzia Goñi, txapel jartzailea. Une hunkigarrienetako bat Luzia Goñi 89 urteko bertsolariak Sotori txapela jantzi zionekoa izan zen.

azkena

Julio Sotoren azken bertsoa, gurasoentzat.

Tú nos hacias cosquillas

Y tú nos diste el pecho

Izan gara maitasunez

Hazitako bi umetxo

Pero de un día pa’ otro

luzia goñi Sotori txapela jantzi zion bertsolaria

Todo se hizo barbecho

Eta destinuan aurka

Ezin da egin ezertxo

El camino de este duelo

Es muy largo y muy ancho

Zuek odoletan baino

Bazoazte mantxo mantxo

Os agarráis a la vida

Aunque os falte un cacho

Txapeldun batzuk zarete

Aitatxo eta amatxo

puntuazioak

Julio Soto 925,5

Eneko Lazkoz 906,5

Ander Fuentes ‘Itturri’ 543,5

Aimar Karrika 499

Xabi Maia 498

Xabier Terreros 494,5

Eneko Fernandez 493,5

Julen Zelaieta 474,5