Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Iruñea, Korrikaren taupada

Korrikaren 20 edizioetan zehar, Iruñea lau aldiz abiapuntu eta hirutan helmuga izan da, aldarrikatzeko aunitz izan dituenaren erakusle. Gaur, laugarrenez egingo dio harrera euskararen aldeko lasterketari.

Testua Miren Mindegia. Argazkiak Xabi, Javier Bergasa - Domingo, 9 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Mikel Aldasorok (AEK) eta Martxelo Otamendik osatu zuten 2003ko azken kilometroa.

Mikel Aldasorok (AEK) eta Martxelo Otamendik osatu zuten 2003ko azken kilometroa.

Galería Noticia

Mikel Aldasorok (AEK) eta Martxelo Otamendik osatu zuten 2003ko azken kilometroa.1985eko ekainaren 9an, Iruñea euskararen aldeko besta handi batean bilakatu zen.

Trabak traba, dagoeneko luzea da Korrikak egindako bidea duela 37 urte abiatu zenetik hona. 1980 urtea zen Euskal Herria euskalduntzeko helburuarekin AEK-ko lagun talde batek “ideia zoragarri bezain ero hau” abiatu zuenean. Ordutik, 40.000 kilometro baino gehiago egin ditu euskararen aldeko lasterketak, munduari bira emateko haina;Remigio Mendiburu artistak sortutako lekukoak 20 mezu eraman ditu bere erraietan;eta kontaezinak dira euskaldunon memoria kolektiboa elikatu duten Korrikaren irudi, kantu eta esaldiak. Edizio bakoitzaren nondik-norakoak, protagonistak eta aldarrikapenak begiratzen ditugunean, ekimen baten historia bakarrik ez, eta euskararen normalizazio prozesuaren historia ere ikusten dugu aintzinean.

Gaur, Iruñea euskararen hiriburu bilakatuko da berriz. Euskararen aldeko ekintza kolektibo handiena den honetan, helmuga edo abiapuntu bezala gehien errepikatu den Euskal Herriko hiria izan da Iruñea: zazpitan guztira, hirutan helmuga eta lautan irteera leku. Nafarroako hiriburuak bizi izan duen Korrika, lasterketa garbia baino, euskaltzaletasunari esker gailendu den oztopo-lasterketa izan dela erran daiteke, alta.

Helmugaraino, oztopo guztien gainetikKorrikak 1985eko ekainaren 9an izan zuen Iruñea helmuga-tzat lehenengoz. Herri bat, hizkun-tza bat lemapean, lasterketaren laugarren edizioak herri eta hizkuntza batekiko maitasunez bete zituen kaleak, Atharratzetik Nafarroako hiribururaino. Elkartasunaren hauspoa inoiz baino beharrezkoagoa zuten nafarrek une hartan, lurraldea zatikatuko zuen Euskararen Legea orduantxe mahai-gaineratu baitzuen Gabriel Urralbururen PSNko gobernuak.

Lekukoa Julen Kalzada AEKko buruak eraman zuen jendez gainezka zegoen Gazteluko Plazaraino eta, bertan, Sagrario Alemanek irakurri zituen urte hartan zendutako Pierre Laffitek idatzitako mezua: “Jainko jauna, ene aldia egintxea dauka”, zioten hizkuntzalariaren hitzek, “zure ondorat biltzen ahal nauzu. Ondokoak hor ikusten ditut hasi nuen euskal ildoari lotuak! Heiek iduri zait bururatuko dutela euskal kulturaren salbamendua. Gora gazteak!”.

Egun eguzkitsu hura goibeldu nahi izan zuenik ere egon zen, hala ere. Julian Balduz (PSN) Iruñeko alkatea zenak, izan ere, Korrikaren amaierako bestaren gune izateko prestatua zegoen Zitadelako eremua ilunabarrean erabiltzea debekatu zien antolatzaileei, lasterketa burutzeko lau egun besterik gelditzen ez zirenean;eta Antoniutti parkera lekualdatu behar izan zituzten, azken unean, kontzertuak.

Hemezortzi urte igaro behar izan ziren berriz Iruñeak Korrikaren azken kilometroa hartzeko. 2003an lasterketaren 13. edizioa ospatu zen, Herri bat geroa lantzen lemarekin. Urteak nabarmen aurrera, baina garaiak ez ziren xamurtu euskarari dagokionez agintari nafarren aldetik. Yolanda Barcina alkatetzan zegoela, Iruñeko Udala Korrika hiriko erdigunetik baztertzen saiatu zen, debekuaren tresna erabiliz eta ekitaldiak “ordena publikoaren nahasmena” eta “pertsona eta gauzen ongizaterako” arriskua ekarriko zuela argudiatuz.

Ekimenaren antolatzaileek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiarengana jo behar izan zuten lasterketa aurreikusita zuten moduan egitea ahalbidetzeko eta, honek, arrazoia eman zien Korrika Iruñera iristeko egun bakar bat besterik gelditzen ez zenean. Euskaltzaleek lasterketari azken kilometroetan egin zioten harrera inoiz baino beroagoa izan zen urte hartan.

2003 urtea, aldiz, euskarari egin zaion eraso bortitzenetako batek markatu zuen: Egunkariaren itxiera. Mikel Aldasorok (AEK) eta Martxelo Otamendik elkarrekin eraman zuten Mauletik zetorren lekukoa Sarasate etorbideko Foruen Monumentuaren aldameneraino, jendearen txalo eta oihuen babesean. “Herrikoiak eta nazionalak diren bi proiektuak desegin nahi izan dituzte”, aldarrikatu zuen Egunkariako zuzendariak, AEK eta berripaperaren egoerak alderatuz, “baina herri honek iraunaraziko ditu”.

Edizio horren samina besta giro osasuntsu eta alaiarekin goxatzea lortu zuten euskaltzaleek, zezen plazan, San Agustin kaleko gaztetxean eta egun hartan ateak zabaldu zituzten elkarteetan ospatu ziren bazkari, emanaldi eta kontzertu andanarekin, besteak beste, Berri Txarrak, Skunk, Gatibu, Amaia Zubiria edota Niko Etxart. Eguzkia lagun, kaleko besta giroa San Ferminen parekoa izan zen apirilaren 13 hartan.

Xabier Amuriza bertsolariaren eta orduko Nafarroako AEKko koordinatzaile zen Aitziber Sarasolaren eskuetan iritsi zen Korrikaren lekukoa berriz ere Iruñera 2007an, Karrantzatik abiatu eta 2.350 kilometroko bidea egin ondoren. Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriarilemapean, 15. edizioan ere ez zuten hutsik egin Iruñeko udalaren besta hondatzeko saiakerek, laisterketa hasi eta egun bat lehenago jaso baitzuten azken besta gauzatzeko baimena antolatzaileek, ibilbidea eta guneak berraldatzeko baldintzak barne. Udaltzaingoak, gainera, lasterketa gidatzen duen furgonetari Alde Zaharrean sartzea debekatu zion egun hartan eta antolatzaileek bestelako irtenbide bat bilatu behar izan zuten: autoak Carlos III kalean zeuden zinemen ondoan utzi eta bizikletaz gidatu zuten martxa Gazteluko Plazaraino.

Eguraldia ere kontrako izan zuen Korrikaren edizio hark baina horrek ez zuen azken kilometro horietan lasterketarekin bat egin nahi izan zuten euskaltzale andanaren indarra apaldu, euria medio besta egunerako aurreikusita zeuden ekitaldietako aunitz bertan-behera utzi behar izan baziren ere. Xabier eta Miren Amurizak idatzi eta irakurri zuten urte hartan lekukoak zeraman mezua, euskaraz bizitzeko aldarrian oinarritu zena: “Euskara bizirik dago euskaraz bizi garelako, eta bizirik iraungo du bizimodu hau utziko diegulako gure ondorengoei”, adierazi zuten aita-alabak.