Erripan gora

Erramu Igandean Korrika

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 9 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Galería Noticia

Ohi denez, gaur goiz erdian, artzapezpiku jaunak bere jauregiko balkoitik erramuak bedeinkatu ondoren, prozesio jendetsua abiatuko da Andre Mariaren Katedraleraino, Jesus eta dizipuluak Jerusalemen sartu zirenekoa irudika-tzen duen pausoarekin batera. Ordutegia betetzen bada, Alde Zaharreko karriketan lehen erramua agertu orduko, lekuko ibiltariak hiriburuko kalerik meharrenak zeharkatuak izanen ditu. Bertzela dirudien arren, prozesio hori ez dabil kalez kale mundua mundu denetik, hirurogeita sei urte joan baitira gurean lehen aldiz egin zenetik, eta hogeita hamazazpi urte, berriz, Korrikak Iruñea lehendabizikoz gurutzatu zuenetik. Horratx;biak ere joan den mendean sortutako ohitura berriak. Abendu hasmenta batez iritsi zen 1. Korrika hura hiriburura, Iruñerriko bazter erdaldunduak oro elurrez zuri zeudenean. Amurizaren kantuak “Euskal Herri guztietan denok bai euskarari” erratea proposatzen zuen. Etxean, Radio Requeté irratian entzun genuen lehen aldiz. Arantzadi aldetik igo zen Alde Zaharrera, Frantziako portalean gora. Maldaren alderik latzenean, udal zinegotziek hartu zuten lekukoa (HB, PSOE eta PNVkoak);haien artean, Patxi Zabaleta gazteak, artean Jesukristoren adina zuela. Leitzarrak “Gora euskara” egin zuen oihu, eta lasterketak Nabarreriarantz jo zuen. Gero, Iruñerri zurian barneratu zen. Garai hartako Land Rover zahar bat zebilen lasterketa-buru. Ohi denez, gaur egun bezala, tarteka oso jendetsu eta motel, eta tarteka, berriz, jende gutxirekin eta bizi-bizi. Halako batean, alimaleko jendeketa hasi zen lasterrean Iruñea eta Noain artean. Lasterkariek Seat 133 bat ere bazeramaten haiekin, bozgorailu bat auto gainean paratua, baita txapakumezko kartel bat ere, erdaraz idatzia: “Trabajadores Seat por Korrika” (sic). Enpresak, artean, ez zuen Volkswagen izena hartua. 1980. urtea zen.