Zirrikituetatik begira

Armei, agur!

Ana Urkiza - 2017(e)ko apirilaren 10a, astelehena - 09:38etan eguneratua

ETAk armak utzi eta entregatu ditu eta armagabetzea eszenan jartzearen gainean indo hitz egin da. Batzuei txalo-tzekoa iruditu zaie eta, besteek, albisteari protagonismo gehiegizkoa eman izana salatu dute. Sekula ez du euriak guztion gogora bustitzen.

Ez zela sekula gertatu behar izan adierazi du lehendakariak. Historiako liburuetan agertzen ez dena jakitera emango dutela iragarri dute medioek, datozen egunotan ETAren historiaren eta azkenaren berri emango dutela aurreratuz.

ETArekin jaio ginen askoren ametsa eta beharra, gure seme-alabek hura ez ezagutzea zen. Eta hara non, ametsa egia bihurtu den. Gurean, txantxak egiten dituzte. XX. mendekoak izatea leporatzen digute (beste galaxia batekoa izatea balitz lez), teknologia berriak ez menperatzea eta "bonbak jartzen besterik ez jakitea". Beraientzat, beste mundu bat da. Anakronikoa. Zorionez, ez zutena ezagutu, eta zeinaren gainean ez duten ezer gutxi jakin nahi. ETAren sorrerarako arrazoiek ez dute pisu nahikorik. Gorrotoa neurrigabea iruditzen zaie. Ez dituzte kaleak pintadaz margotuta irudika-tzen. Ez kale izkinak manifestariak edo guardia zibilak noiz aterako gurutzatzen. Ez dute, kaleetan barrena, heriotzaren pisua eta nekeza sentitzen. Atera ezintasuna. Ez dute, ezta ere, borroka armatua irtenbidearen zati bat dela pentsatu behar, kaleko oihuek eta musikak horrela dela sinestera bultzatu arren. Espero dezagun, medioek ez ezik, historiako liburuek ere ETAren sorrera eta bukaeraren berri zintzotasunez jasotzea, gure bizitza erdia armen gerizpean bizi behar izan dugun guztiontzako itxitako kapitulu bat bilaka dadin. Zer esanik ez era guztietako biktima eta biktimen ingurumariarentzako. Ikasi beharreko orri bat gehiago, etorkizuna armarik gabe irudikatzen duten etxeko gazteentzako. XX. mendekook geurekin eramango al ditugu XX. mendeko zauriak...

Más sobre Opinión

ir a Opinión »