Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Mezua

Joseba Sarrionandia - Lunes, 10 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Alfabetatzearen, euskaldun- tzearen, ikastolen, euskara batuaren, literaturaren, prentsa idatziaren, irratiaren, telebistaren, eta KORRIKA askoren ondoren, azken berrogei urteotako biziberritzearen ondoren, euskararen aldeko mugimendua egonkortu egin dela esaten da, normaltasunaren alde aurrerapauso handiak egin eta normalitate moduko batean lasaiturik edo trabaturik gelditu dela euskaraz bizi ahal izateko asmo kolektiboa.

Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik. Aukerak eta maukerak egin behar izaten ditugu euskaraz bizi nahi dugunok. Belaunaldiak daramatzagu behetik gora elkartzen eta ekiten, erresilientzia honetan, goitik behera ezartzen zaizkigun lasaigarri kulturalak eta traba politikoak gaindi- tzeko. Badugu motibo bat: badugu altxor partikular bat balio unibertsala duena, ispilu batean bezala isla- tzen dela bizitza hizkuntzan.

Hizkuntzan ikusten du bere burua edozein pertsonak zein komunitatek, oharkabean bada ere, eta hizkuntza kaltetua ispilu apurtua bezalakoa izaten da. Hizkuntza bat desagertzen denean, mundu guztiak galtzen du bizitza ikusteko eta azaltzeko modu berezi bat. Balioa du norberarena denean eta beste batzuena denean ere bai. Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsal bat da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako.

Denona da, dena pribatizatzen ari den sasoian. Ez da agortzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunetan. Eta dohainik erabiltzen dugu, gehien gehiena ordaindu behar izaten denean. Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago. Lapur altxorra balitz bezala edukiko dugu zulo ilunen batetan ezkutaturik? Kontura- tzen zara goizetan ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?

Autorea idazlea da