Beatriz Chivite Ezkieta idazlea

“Nire olerkiek irudiak iradokitzen dituzte, bizi ditudan momentu horien argazkiak dira”

Beatriz Chivite iruindarrak Pamielaren eskutik argitaratu duen ‘Pekineko kea’ olerki liburua aurkeztuko du gaur, Katakraken, 19.30ean

Miren Mindegia Javier Colmenero - Miércoles, 12 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Beatriz Chivite, Donostian egindako aurkezpenean.

Beatriz Chivite, Donostian egindako aurkezpenean.

Galería Noticia

Beatriz Chivite, Donostian egindako aurkezpenean.

iruñea- Beatriz Chivite Ezkietak bizipen andana bildu ditu bere ibilbide motz baina aberatsean. 1991ean sortutako iruindar honek 16 urte zituela etxea utzi eta Italiara joan zen Batxilergoko ikasketak egitera, United World Collegeren beka baten eskutik. Filologia Txinatarra eta Ekialdeko Arte Histori ikasi zuen Londresen 2010etik 2014ra, tartean ikasturteetako bat Pekinen (Txina) egin zuelarik. Azken hiri hau izan da Pamielak argitaratu berri dionPekineko kea liburuaren protagonista. Bertako kulturak liluratuta, urte horretako bizipenak olerkietan itzuli zituen Chivitek urte hartan: testu laburrak, zuzenak, irakurri ahala buruan irudi bat, sentsazio bat transmititzen dituztenak. Iruñeko Udalak lan hura saritu zuen 2012ko Egile Berrien sariketan, baina gaur arte ez da plazaratu.

Duela bost urte idatzitako lana argitaratu duzu. 2012an Iruñeako Egile Berrien saria irabazi zuen... Nolatan argitaratzen da orain?

-Iruñeko Egile berrien saria irabazi nuenean, duela bost urte, udalak lana argitaratuko zela uste nuen, egia esan. Hala ez zela ikusi nuenean, Pamielakoekin harremanetan jarri nintzen eta, bizpahiru urteren ondoren, lana kaleratzea lortu dugu. Tartean, zuzenketa lanak egon dira, baina orduan idatzi nuen bezala atera da orokorrean liburua.

Erran genezake Pekin dela liburu honen protagonista nagusia. Zein izan da hiri honekin izan duzun harremana?

-Bertara ikasketak egitera joan nin-tzen urte batez, Erasmus moduan lagun talde batekin. Izugarri gustatu zitzaidan hiria baina, aldi berean, kontraesan asko erakusten dituen hiri bat ere badela ikusi nuen. Tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen kultura bat da. Amonak parkeetan dantzan ikusi ditzakezu eta, aldi berean, keaz beteriko hiria da, trafiko handiarekin.

Hortik dator, beraz, izenburua ere. Hiriaren kutsadura eta ke horretatik...

-Bai, askotan ez dakizu nondik datorren ke hori, kutsadura den edo in-tzentsua den.

Olerkiak ia irudiak direla erran daiteke, argazki bilduma moduko bat. Oso iradokitzaileak, nolabait. Horixe zen zure helburua, idatzi zenuenean?

-Txinako literaturaren eragina izan dut idazterakoan. Olerki laburrak dira, zuzenak, sentsazio bat transmititzen duten esaldiak dira. Nire olerkiak, bizi dudan unearen argazkiak dira. Tang dinastiak hasi zuen olerkigintza modu hori VII. mendean eta horretan oinarritzen zen, soiltasunaren indarrean. Olerki hauek idatzi nituenean Txinako artea eta literatura ikasten ari nin-tzen, beraz, nolabait horren eragina izan dudala esan dezaket.

Hainbat sentimendu transmititzen dituzte zure olerkiek: herrimina, malenkonia, gauza berriekiko lilura ere… Zeintzuk esango zenuke nagusitzen direla?

-Askok haikuekin lotzen dituzte nire olerkiak baina haikuak japonian sortu ziren XVII mendeko olerki mota dira. Nireek lotura handiagoa daukate Tang dinastiak Txinan hasi zuen VII. Mendeko idazkerarekin. Sentimenduei dagokienez, egia esan ez dakit oso ongi... Bertan nintzenean, eguneroko baten moduan idazten nituen poemak, bizitzen ari nintzen hori islatzeko modu hoberena olerkiak zirelako. Orain, irakurtzen dudanean, aspaldiko egunerokoa irakurtzen duzunean daukazun sentsazio hori daukat: lotsa pixka bat, baina baita memoria ere. Nostalgiatik asko du liburuak eta, noski, nire herria, nire familia eta nire lagunetan maiz pentsatzen nuen, hortik ere badauka.

Noraezean olerkiarekin hasten da liburua: “Nik ez dut ihes egiten, bitxikeria baten bila nabil”. Bizitza ulertzeko daukazun modua al da?

-Bai, dudarik gabe nire bizimodua hobekien islatzen duen olerkia da, horrexegatik dago lehenengoa liburuan. 18 urterekin Nepalen egon nin-tzen, ondoren Londresen, Italian... Joan zen urtean, Londresera joan nintzen lan egitera eta nire mutil lagunarekin egotera. Otsailean nire mutilak utzi egin ninduen eta Parisera joatea erabaki nuen, egun batetik bestera. Niretzat horixe da bizitza, oraindik zer den ez dakidan bitxikeria horren bila egotea.

Euskaraz idaztearena ere zure jatorriarekiko lotura mantentzeko modu bat zen, akaso?

“Pekin kontraesan handiko hiria iruditu zitzaidan: tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu etengabean”

“Nire idazkeran, Txinan VII. mendean garatu zen olerkigintzaren eragina dut: olerki labur eta zuzenak”

“Eguneroko baten moduan idat

-Euskaraz idaztearena ere hautua izan zen. Nire hizkuntza, nire ahotsa ez galtzeaz gain, nolabait nire hizkun-tza sekretua zelako idazten nuen euskaraz. Euskara nire hizkuntza pribatua da nolabait, soilik nire ingurukoek ulertu dezaketena, nire barrukoa transmititzeko baliatzen nuena. Horregatik, orain nire sentimendu guzti horiek argitaratuta ikusten dudanean, lotsa pixka bat ere ematen dit... Baina, azken batean, orduan sentitu nituen horiek dira eta poesiaren helburua hori da.

Olerkiak bakarrik ez eta argazkiak eta barreneko irudiak ere zureak dira, eztala?

-Bai, azaleko argazkia eta barruan agertzen diren margolanak nireak dira, bertan nintzenean egin nituen. Txinatar olerkigintzan, irudia eta testua maiz elkarrekin joaten dira, eta horretan inspiratuta egin nituen. Azken irudia, tinta txinatarrarekin egindakoa da.

Duela 10 urte narrazio lan batekin irabazi zenuen Iruñeako Udalaren egile berrientzako saria. Ordutik, alta, poesiarantz jo duzu gehiago, eztala?

-Bai, 15 urte nituenean irabazi nuen Iruñeko Udaleko lehenengo saria, ipuin batekin. Gero, olerkiak lantzen hasi nintzen gehiago, uste dut baliagarriagoa dela sentipenak islatzeko, eta horretan jarraitzen dut.

Etorkizunera begira, nora eramango dizute hurrengo bidaiek?

-Askotan galdetzen didaten gauza bat da, bai familiak baita lagunek ere: eta orain, zer? Ba egia esan, oraindik ez dut pentsatu zein izango den hurrengoa, baina bidaiatzen jarraituko dut, ziur.

fitxa teknikoa

Argitaletxea. Pamiela

Generoa. Poesia

Orrialdeak. 96.

Agitalpen urtea. 2017

azpimarratzeko

Gaur, aurkezpena Iruñean. Arratsaldeko 19.30ean, Iruñeko Katakrak aretoan.

Saritutako lanak. 2007an, ‘Galdutako ispiluak’ ipuinarekin Iruñeko Udalaren egile berrientzako lehiaketaren narrazio-saria irabazi zuen. ‘Pekineko kea’-rekin ere sari berdina jaso zuen, olerki sailean. ‘Metro’ poemategiak 2014 Ernestina Champourcin XXV. saria eta 2015eko Lauaxeta Saria eskuratu zituen. Iaz, Nafarroako Gobernuak Gazte Saria eman zion eta Blas de Otero poesia-saria irabazi zuen ‘Biennale’ lanarekin.