Artzaina eta bildotsa

Por Patziku Perurena - Miércoles, 12 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Deus baino lehen esan, nere izatean haragitua daramadala artzaintza, eta nere izakera xelebre honi asko eta asko zor diola. Goizuetan erre zidaten ardiborda testigu, eta nahiago nuke gaur ere, su emanda kizkali zidanak eta hari laineza emaile proetarrek, pinua bota berritako larre lotsagarri horiek behar bezala sutzen eta garbitzen saiatuko balira, nere kontrako grina harekin berarekin. Maite baitut hagitz, neure sorterriko lurrak txukun ikustea.

Larramendi sariari esker, baditut hamaika datu bilduak artzaintzaz, eta oraintxe nabil atzeneko putzetan, Basaburu alde honetako datu fin samarrak eman nahian, eta sinistu nahi nuke, inguruan sumatzen dudan betikoezkerkazike honek eta bere elikatzaile oportunista xitalek bakean utziko nautela. Goizuetako udalean eta Leitzakoan ere, oraintxe sumatu baitut onerako aldaera, eta baita ongi poztu ere. Eskerrak bihotzez, honetan lagunduko didazuen guziei. Hain dut beharrezko, arantza artetik tarteka lore ttiki bat edo beste azaltzea!

Ikerlan finak gailendu ahalean, gero eta argiago azaltzen ari baita, behia eta urdea izan direla nagusi gurean, batez ere saltus alde honetako basoetan, eta ardirik ez dela kasik ageri XVI mendera artean: “la documentación escrita nos muestra cómo la cabaña ganadera estaba compuesta básicamente por ganado vacuno y porcino, al menos hasta el siglo XVI (…) lo cual hace distinta con respecto a otras zonas de la Península Ibérica, donde el predominio de la cabra y la oveja es manifiesto y permanente hasta la actualidad”.

Neure egiten ditut goian behe Álvaro Aragón Ruano oiartzuar ikerle finaren hitzok. Baita Juaninazio Elosegik Berastegin xehero aztertuak dauzkanak ere. Eta honatx guztiz bestelako diskurtso arrasatzailea, Oiartzunen bertako seme kuttunagandik hasita: “artzain kultura milaka eta milaka urtean izan zen nagusi Euskal Herrian. Euskalduna artzain egin du bere geografiak. Eta artzain iraun du euskaldunak milaka eta milaka urtez, bere geografiaren zatirik handienean, Nafarroako eta Arabako ordekan ez beste guztian. Euskaldunik gehienak artzain izateak, gizaldiz gizaldi, gure kultura jatorrari artzain-kultsu handia eman dio”. Nahita ere ezin zitekeen okerrago esan, baina tira, ulertzen dut On Manuelen intentzio ona.

Natorren Urumea aldetik Leitzaranera, eta hara Areso eta Leitzako Hizkerak liburuak 42 orrian dioena: “Euskalerrian artzantza bizibiderik eta kulturarik zaharrenetakoa dela jakina baita”. Ez zekiat horren jakina den Mikel adiskide, baina mundu guziak jakintzat ematen duela bai, Fermin Leizaola maisua barren: “Aspaldiko lanbidea da artzaintza, Euskal Herrian, duela 5.000 urte jada existi-tzen zena. Artzainek, Neolitikoaz geroztik, “altzubide” izeneko bidexka markatuetan zehar eraman izan dituzte ardiak menditik bailarara, eta bailaratik mendira. Esnea oso erraz galtzen da berez, eta luzaroan manten-tzeko sistema ona da gazta, aurrehistorian ere egiten zena”.

Horra oraindik sakratutzat jotzen den diskurtso mitikoa gure artzaintzaz, behigazta atzo goizeko berrikeria balitz bezala, eta oraintxe nik aurreneko aldiz argitzen dudan antzu(bide) hori ardiena baino askoz lehenago behiena izandua. Izan ere, zenbat bider ikusia ote nago dokumentu zaharretanvaquero de las vacas vacias, batik bat XV-XVII mende artean, baina pastor de ovejas vaciassekulan ez.

Egia esateko, ez dakit noiztik datorren sinesmen itsu hau, baina XIX mende akaberatik hasi eta XX mende guzian barrena gaur arte euskal mitologoek puztu eta hedatu dutela, horretan ez dut inolako dudarik. Garai hartan, Bilbo aldeko burgesia okituak eta Labe Garai inguruetako bizimodu latzak, kontsolagarritzat asmatu paradisu garbia euskal artzaintzak sinbolizatu baitzuen hain juxtu. Izan ere, orduantxe bizi baitzuen gailurrik oparoena gure artzaintzak, eta zinezko larregiro hari, jeltzaleen ikur Jesus artzaina etaJainkoaren bildotsa erantsi ezkero, nola ez joan neolitikoraino hutsaren gaineko irudimena, Pirinioak Jerusalemtzat joaz?...

Nere egia ttikiok esateko libertatea, besterik ez diot eskatzen nere bizi guzia eskaini eta zor diodan euskal komunitate maite honi. Hauxe dela uste baitut, gure gizaldi berriek beharrena duten birfundazioa: gure lehen aberri diseinatzaileek beren borondaterik hoberenaz asmatu eta sortuberriok hanpatzen segitzen duten mito lotsagarriok lehenbailehen beren onera ekartzea. Horretan nere laguntza osoa izanen du, eguneroko detaile ttikiz detaile ttiki, hasieran aipatu ezkerkazikegaizki hezien diktadurapetik eta kontrolpe itogarri honetatik libratu nahi duen euskaltzale fin guziak.