2017ko, apirilaren 14a

‘Artxipielagoa’ saioak narrazioa, musika, bertsolaritza eta bideo-proiekzioa ekarriko ditu apirilaren 28an

Viernes, 14 de Abril de 2017 - Actualizado a las 18:12h

Baluarteko Ganbera Aretoak euskaraz erabat eskainiko den Artxipielagoa izeneko ikuskizun berezi eta aparta hartuko du heldu den apirilaren 28an, ostiralarekin, arratsaldeko 20.00etan hasita. Ainhoa Garmendia, Andoni Egaña, Pello Ramírez, Garikoitz Mendizabal, Germán Ormazabal eta Belén Ibarrola artistek nork bere gaitasunak eta ametsak batu dituzte Artxipielagoa emanaldian, euskal kantutegia eta lagunartean euskaraz abesteko tradizioa berreskuratzea helburu dituela. Saioa narrazio, abesti, bertsolaritza, musika eta bideo-proiekzio uztarketa da. Ikuskizun berritzaile eta desberdina izateko jaio da Artxipielagoa, non ikuslearen parte-hartzea ezinbestekoa den;non atzo eta gaurko euskal abesti klasiko eta modernoak uztartzen diren;non zahar, gazte nahiz heldu, ikuslegoa osotasun batean ‘herri-abesbatza’ bilakatzen den. Baluarte Fundazioak Euskarabidearen laguntzarekin sustatutako emanaldi hontarako sarrerak 12 eurotan (4 eurotan Baluarte Joven Programarekin) ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko webgunean (www.baluarte.com), txartel-leihatilan eta 902 15 00 25 telefonoan.

Emanaldian abestiak askotarikoak izango dira: lehen atalak ukitu klasikoagoena izango da, hau da, gure kultur-ondare klasikoko batzuk, abesti herrikoiak, Jose Maria Iparragirre, Felix Telleria, Gabriel de Olaizola, José Antonio de Donostia, Eduardo Gorosarri, Bruno Imaz, Francisco Cotarelo, Aita Hilario Olazaran, Jesus Guridi;eta bigarren atalean, Oskorri, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Karlos Gimenez, Ken Zazpi edo Itoiz bezalako abesti berriagoak. Horrela, Andoni Egaña bertsolariak esatari lanetan irla eta artxipielagoen inguruko erreflexio-hizketaldia eta musikaren nahiz kulturaren inguruko beste hainbat istorio garatuz joango da ikuskizunean, baina, beti ere Ainhoa Garmendia abeslari sopranoak abestiak kantatuz eta tartekatuz. German Ormazabalen pianoa, Garikoitz Mendizabalen txistua, Pello Ramirezen violoncelloa eta eskusoinua lagun izango ditu Garmendiak kantatzerakoan. Hau guztia, gainera, Belen Ibarrola arte zuzendariaren irudi eta bideoen proiekzioek osotu eta aberastuko dute.