Erripan gora

Prediku hura

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 16 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Galería Noticia

Izugarria da egunotako turista emaria San Domingotik Curiaraino, eta erromes jarioa ere arras nabarmena, apirilarekin batera ehunka lagun hasi baitira Magdalenako zubia egunero zeharkatzen, denak lerro-lerro harresien artean Frantziako portale meharrerantz. Garai batean, Aste Santuan, inor ere ez zen Iruñera etortzen, ez turistarik, ez erromesik. Eta, zer erranik ez, iruindarren artean ere inor ez zen kanpora joaten. Katedraleko Mariaren hotsa entzuten zen egunero, eta gaur egun bezala, soinu hura Alde Zaharreko sukalde zulo aunitzetaraino sartzen zen. Ezkila-hotsari dominikar kartsu baten ahotsa jarraitzen zitzaion. Fraidea katedraletik beretik mintzatzen zen egun batez eguerdi partean, bermutaren tenorean, irrati bidez prediku berezi bat zabaltzeko, telebista-tresna gutxi bai-tzegoen. Irratiak piztuta egon behar zuen toki publiko guztietan, baita tabernetan ere, eta karrika Nagusiko hartan ere bai. Taberna hura jendez lepo. Hiru jende-ilara barraz alde batean;jende guztiak esku batean basoerdia;bertzean, pintxoa. Barraz barnealdean, dozena erdi bat tabernari buru-belarri lanean. Ez zitzaien hitz erdirik en-tzuten. Zer gerta ere, denek mutu egon behar, edo gehienez ere xuxurlaka belarrira, hala bezeroak nola zerbitzariak. Denen belarrietaraino, ordea, ederki iristen zen tabernako Telefunken irrati handiak zabaldutako ahots kartsua, ahots bakarra, larderiatsua. Zazpi hitzen sermoia zen;hots, Jesusek gurutzean iltzez josita azken hatsetan errandako azken zazpi hitzen edo esaldien predikua. Isilaldi luzearen ondotik, zazpigarren hitzaren predikuan (“Aita, zugan uzten dut ene arima”), jendea isiltasuna urratzen hasten zen, eta ahots-murmurioa gora zihoan, harik eta eztanda egiten zuen arte, dominikarrak amen erran bezain laster. Orduan, jabeak irrati-tresna itzaltzen zuen. Zorionez, 55 urte joan dira.