apirilaren 24an

Joseba Sarrionandiaren lehenengo antologia elebiduna aurkeztuko da Bilbon

EP - 2017(e)ko apirilaren 20a, osteguna - 12:21etan eguneratua

Joseba Sarrionandia.

Joseba Sarrionandia. (JOSE GOITIA)

Galería Noticia

Joseba Sarrionandia.

Joseba Sarrionandia idazlearen "¿La poesía está muerta? Hilda dago poesía?" (Pamiela) lehenengo antologia elebiduna aurkeztuko da apirilaren 24an, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, Liburuaren Egunaren ospakizunen barruan.

BILBO. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, Jose Angel Irigarayk aurkeztuko du eta streaming bidez ere eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunean.

Egileak aukeratu, berrantolatu eta itzuli dituen poemen antologia da "¿La poesía está muerta? Hilda dago poesía?", eta egileak berak idatzitako hitzaurrea darama. Egungo euskal literaturaren erreferente diren egileetako baten poesiaren lehenengo itzulpena da, lehenengoa eta luzaro itxarondakoa, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

1980 eta 1995 artean idatzitako 114 poema biltzen dira, eta horietan, beste gai batzuen artean, erbestea, deserrotzea, heriotza, torturak eta kartzela aipatzen ditu. Sarrionandia bost urtez egon zen preso, 1985ean Martuteneko espetxetik ihes egin arte, Iñaki Pikabea ETAkidearekin batera.

"Hijos de la madrugada" lehen ataleko poemak "Izuen gordelekuetan barrena" eta "Marinel zaharrak" lanetatik daude jasota. "Gartzelako poemak" atalekoak izen bereko liburutik aukeratu dira. "Hnuy illa nyha majah yahoo", "El mundo es ancho y ajeno", "Nuestros antepasados y los hijos de los hijos de los hijos...", "Nudos marineros", "Mercado negro", "Monógamos imperfectos", "Celdas que no quedaron vacías" eta "Muertos" atalak, "Hnuy illa nyha majah yahoo" liburutik jaso dira. Azken atalean, "Hilos y canciones" izenekoan, aldizkarietan eta diskoetan sakabanatuta argitaratu diren hainbat poema eta letra jaso dira.

Ekitaldia Jose Angel Irigarayk aurkeztuko du. Gainera, Beñat Arginzonizek eta Jose Fernandez de la Sotak Sarrionandiaren zenbait poema irakurriko dituzte. Gose taldeko Ines Osinagaren zuzeneko musika izango duen ekitaldian Eñaut Elorrietaren, Mikel Laboaren eta Ruper Ordorikaren bideoak eskainiko dira, eta Jose Julian Bakedanok egilearen bizitzari buruzko aipamena egingo du.

Liburuaren Nazioarteko Eguna igandean ospatuko da, eta, ohikoa denez, Bilboko Udaleko Kultura Sailak etxola bat izango du azoka barruan, Areatzako pasealekuan, eta bertan eskuratu ahal izango dira sailak argitaratutako lan guztiak. Erosketa bakoitzarekin batera, dagoeneko tradizionala den krabelina oparituko da.