Erripan gora

Apirilean kuku

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 23 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Kukuaren kantua entzun omen dute Arantzadin, Aitaren Txoko izeneko etxearen inguruan. Mikak gero eta laketuago dabiltza Gazteluko plazan berean, eta kastoreak, Argan. Orkatzak hiriraino iristeko ahaleginetan dabiltza, baina haien saialdiak Iturrama ondoko saihesbideko autoek zapuztu dituzte, eta basurdearen kalteak gero eta ageriagoak dira inguruko baratzeetan. Lehengo batean ere, zer eta igaraba bat ikusi omen zuten Iruñerriko alderik idorrenean, Ezkirozko koltza-alor hori minen artean galduta, taxuzko erreka orotatik urrunxko. Nondik ote zetorren? Nora ote zihoan? Bitartean, mufloi saldo handi samar bat dabil Orbaibarko oihanetan. Inork ez daki nondik iritsi diren;garraio batetik ihes eginda edo auskalo nork propio legez kontra eramanda. Noranahi zabaltzen dira eta gaitz ekarleak dira. Ehiztariek akabatzen ez badituzte, sarri Iruñerrira iritsiko dira, Alaitz mendia gurutzatuta.

Arantzadiko kukua ez da zuhaitz ospetsu bati izena emandako hura. Izan ere, Barojak berak idatzirik, badakigu idazle donostiarra Takonerako Kukuaren Zuhaitza erraten zi-tzaion zugar handiaren adarretara igotzen zela mutikotan, karrika Nagusiko Huarte ikastetxean ikasle zebilela;gaur egungo Katakraken, alegia. Barojak euskal idazle bat izan zuen ikaskide, “Larreko” auriztarra. Kukuaren Zuhaitza alimalekoa omen zen, eta zaharra, oso zaharra, Albako Dukearen soldaduen inbasioaren lekuko izan baitzen. 1888an bota zuten. Adarrak, nonbait, negu gorri hartako elur handiak abailduak omen zeuden. Aurten, ordea, elurrak doi-doi zuritu ditu Takonerako zuhaitzak, hasiak dira lorategietako belardiak ureztatzen, apirila arrunt idor baitoa, eta bihar iritsiko den Aingeru ibiltariak berak ere ez omen du ur tantarik ekarriko.