Euskalduntze berantiarraren teoria aztertuko dute Biterin

Bihar 19.00etan hitzaldia egongo da, Doberak eta Hernani Errotzenek antolatuta

Aitziber Muga Ainara Hernando - Martes, 25 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Luis Mari Zaldua elkarrizketa baten ostean.

Luis Mari Zaldua elkarrizketa baten ostean.

Galería Noticia

Luis Mari Zaldua elkarrizketa baten ostean.

Hernani- Bihar 19.00etan Hernaniko Biteri kultur etxeko areto nagusian, Dobera euskara elkarteak eta Hernani Errotzen elkarteak euskara eta historiaren inguruan antolatu duten hitzaldi berri bat eskainiko dute. Bere izenburua Euskara berantiarraren teoria: egia ala gezurra? da. Moderatzailea Eñaut Agirre izango da eta hizlaria, berriz, Luis Mari Zaldua filologo eta onomastikari urnietarra.

Doberatik adierazi dutenez, “azkenaldian, interes eta ika-mika handia sortu duen gaia izan da, Euskal Telebistako dokumental sail baten haritik sortua: Baskoniako historia bat. Dokumental horretan aspaldi isilean zegoen teoria gogoratzen eta defenditzen da, euskalduntze berantiarraren teoria. Teoria horrek dio, funtsean, gaurko Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta neurri batean baita Nafarroan ere, euskara ez dela jatorrizko hizkuntza, baizik eta VI. mendean Akitaniatik sartutakoa”.

Luis Mari Zaldua filologo eta onomastikari urnietarrak emango ditu azalpenak eta Hernani izenaren inguruko “primizia” bat aurkeztuko du

Zalduak orain gutxi argitaratu du ikerketa toponimiko bat, Fontes Linguae Vasconum aldizkarian zabalduta. Bertan aztertzen dituen toponimoak latinaren aurreko garaira garamatzate.

Hitzaldia bost ataletan banatuko da: Euskalduntze berantiarraren teoria berreskuratu dutenek egindako lana ikusiko da;teoria hau noiz, nork eta zergatik sortu zen azalduko da;zenbait datu emango dira dokumental horretan ematen ez direnak;euskara berantiarrak Iruña-Veleiako auziarekin duen lotura azalduko da eta galderak erantzungo dira. Ondoriorik ez da emango entzuleek beren iritzi propioa izateko.

Horrez gain, Zalduak azalduko du zer lotura duen euskalduntze berantiarraren teoriak bere Doktoretza Tesiarekin eta hitzaldirako Hernani izenaren inguruko “primizia” bat ere gordeta daukala esan du.

Hitzaldia finantzatu ahal izateko, ontzi bat izango da nahi duenak nahi duena eman dezan, borondatez.