Hau oilo-ipurdia!

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 30 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:09h

Ez dago maitagarririk, ez kriseilu miragarririk, hauteskunde kontuetan. Bai, ordea, hazkuntza saldak, non hala miasmak nola lore berriak sor daitezkeen. Ez dut sinesten laborategirik denik hautesleen bozkak gaur arte hona eta bihar bat-batean halako paraje aginduriko berri batera eramateko gai. Edo, hobe erran, horretan saiatzen diren laborategiak egon arren, ezin sinetsi nik haien efikazia miragarriarekin. Hazkuntza salda bereziak bai sortzen direla noizean behin herritarrengan, ez kasualitatez, jakina, baizik eta hainbat neurri politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalek aurretik giro ezohiko bat eratu dutelako, non fruitu aurreikusezinak, alboko efektu gisakoak, garau daitezkeen.

Dena dela, neoliberalismoaren goreneko erakundeek bultzatu horrelako laborategi elektoral miragarriro efikaza izan balitz ere frantziar hauteskundeei begira, ez dut uste joan den igandekoak baino emaitza hobeagoak lortu zituzketenik. Hankaz gora jarririk gaur arteko lehia liberal eta sozialdemokraten artean, bertze lehia bat nagusitu da, neoliberalismo eta kutsu faxistako ultra-eskuindarren artean: orain bai, aurrerakoi progre zentzuduna neoliberalismoa dute herritar frantsesek bigarren hauteskunde-itzulirako. Hain progre hain aurrerakoi hain zen- tzudun, non sozio-liberalismoa asmatu omen duten Macronen ahotik. Akabo eskuin eta ezkerreko ideien arteko lehia bipartidista, neoliberalismo sozialaren oximorona txertatu dute hiztegi politikoetan, eta oximoron horren eta ultra-txaubinisten arteko bertze lehia bipartidista bat sortu zaie mementoz hautesle frantziarrei. Hau Makro-pagotxa Europako erakunde ekonomiko neoliberalentzat!, hain ederra non, berriro diot, horrela diseinatu izan balute ere ez baitzuketen hain bete-betean lortu.

Non eta Frantzian gainera. Non eta Europako bigarren motorrean. Non eta herri-manifestazio handienak antolatu diren estatuan sozialista batek ezarririko neurri neoliberalen kontra, Hollandek berak hasieran aginduriko promesa eta hitz guztiei traizio lotsagabea eginik.

Zierto. Frantziar hauteskunde sistema, bi itzulitakoa, espresuki diseinatua dago alderdi pluraltasuna bermatu baina gobernagarritasunaren aukerak bi alderdiren esku bakarrik uzteko. Kontua da orain arte bipartidismo horretan nagusi izaniko bi alderdien desagerpena lehiatik, eta bertze bik izanen dutela aukera heldu den maiatzaren zazpian. Aukera berri honetan, kutsu faxistako mamuak sortzen duen beldurraren aurrean, neoliberalismoaren aldeko bozkak eskatu beharko dituztela eskuindar neoliberalek ez ezik, bertze indar aurrerakoi progre zentzudun ezkertiarrek ere. Hauteskundeen analistek Gaitz Gutxieneko teoria deituriko irizpide horren arabera. Eta, bai, arnasa hartuko dugu neoliberalismoa gaitzesten dugun europar guztiok datorren maiatzaren zazpian neoliberal frantsesek euren Makro-pagotxa lortzen badute. Bi gaitz artean, infartu erabatekoa saiheste aldera, Europako bizi-organo funtsezkoenetako batean minbiziaren bertze metastasi bat onesten bada, gaitz-erdi. Hau oilo-ipurdiko salda!