Erripan gora

Zubi ondoko igogailuak

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 30 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:09h

Galería Noticia

Lehengoan ere ika-mika handia piztu zen harresietako igogailuetan. Hiriko kale-igogailurik erabilienetan, Arrotxapeko zubiaren ondokoetan, alegia. Harresietan ere bada bertze igogailu bat, Media Lunakoa, baina ez du hainbertze jendek erabiltzen, Argak milioika urtean zizelkatutako erripa gainditzeko. Kontua da, egunero, ordu zehatz ba- tzuetan, ilara luzexkak sortzen direla, eta tarteka, luze-luzeak, behean batez ere, zubiaren ondoan. Zenbaitetan, luze, luzeegi, itxaron beharra dago. Ilarakideak denetarikoak dira;haurrak, gazte sasoidunak, ama eta aita familiakoak, adin erdiko jendea, adinekoak, eta xahar-xaharrak. Dena den, ez dira gutxi gero, ilararen tamainari luze iritzita, malda oinez igo- tzen duten gizon-emakumeak. Jendea zintzo-zintzo egoten da errenkadan zain txanda iritsi arte;hori bai, beti erne, jende guztiak txanda gorde dezan eta inor ez dadin isilka sartu ez dagokion tokian. Batzuk, ordea, pixka bat nerbiosten hasten dira, ilaran haur-aulki bat ager- tzen denean, eta zer erranik ez, baten batek igogailuan txirrindula edo txakurra sartu nahi duenean. Orduan, jendearen marmarra nagusitzen hasiko zaio Argaren murmurio hotsari, azkenean sumina lehertzen den arte. Haur-aulkiak tolestuta eraman behar direla;debeku dela txirrindulak sartzea, eta arauek ere txakurrak sartzea galarazten dutela. Baietz. Ezetz. Eztakit zer, badakit zer. Hango ezak eta baiak! Sekulako sesioak! Hori aski ez balitz, lehengoan ez al zen ba ilaran agertu 40 urte inguruko gizon bizikletadun bat, zakur puska handi bat ondoan zeramala? Hura kalapita! Hura jendearen bekoki iluna! Hura kolera gorria! Azkenean, bizikletadunak txirrindula eskuz bulkatu behar izan zuen aldapan gora, zakur otzana atzetik zerraikiola. Urrundu ahala, jendearen sua itzaltzen joan zen, harik eta Argaren murmurioa berriz ere nagusitu zen arte.