Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-ek Europako sagarrondoen dibertsitate genetikoa ikertzen duen proiektu batean parte hartu du

Dibertsitate hori hiru populazio handitan banatzen da: Ipar-ekialdekoa, Mendebaldekoa eta Hegoaldekoa, Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuko taldeko ikertzaileen arabera

Lunes, 1 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 20:06h

Ikerketaren egile diren NUPeko ikertzaileak: Carlos Miranda (ezk.) eta Jorge Urrestarazu.

Ikerketaren egile diren NUPeko ikertzaileak: Carlos Miranda (ezk.) eta Jorge Urrestarazu. (UNAVARRA.ES)

Galería Noticia

Ikerketaren egile diren NUPeko ikertzaileak: Carlos Miranda (ezk.) eta Jorge Urrestarazu.

PAMPLONA. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzailek nazioarteko proiektu batean parte hartu dute. Bertan, lehenbiziko aldiz eta era bateratuan identifikatu dira genetikoki Europan mantendu diren 2.400 sagarrondo barietate. Aniztasun hori jatorri geografikoarekin lotzen da eta, hori dela eta, espezie horren material genetikoa hiru populazio handitan banatzen da: Kontinente Zaharreko Ipar-ekialdekoa, Mendebaldekoa eta Hegoaldekoa, ikerketaren egileek egiaztatu dutenez.

Proiektu horretan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak Miranda Jiménez eta Jorge Urrestarazu Vidart dira, Nekazaritzako Ekoizpen Sailari atxikitakoak, eta erakunde beraren Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuko ikerketa taldeko kideak.

“Europako sagarrondoen dibertsitate genetikoa ezezaguna zen, gaur arte egindako ikerketak eskualde mailan egin zirelako edo, kasu gutxi batzuetan, nazio mailan”, azaldu du Jorge Urrestarazu Nekazaritza Ingeniaritzako doktoreak, “BMC Plant Biology” aldizkarian argitaratutako ikerlan horren egile nagusiak.

Sagarrondoen dibertsitatearen zergatiak

Europako proiektu horretan , Kontinente Zaharreko hamar herrialdetan (Belgika, Espainia, Finlandia, Italia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errusia, Suitza eta Suedia) eta Kirgizistanen mantendu diren 2.400 barietate ikertu dira markatzaile molekular komunak erabiliz. FruitBreedomics izena du proiektuak, eta Frantziako INRA (Nekazaritza Ikerketarako Institutu Nazionala) entitateak zuzentzen du. Hamabost estatuk parte hartu dute azterketa horretan, eta agerian jarri dute “Europan kontserbatutako espezie horren materialaren aniztasun handia”.

Dibertsitate genetiko hori Europako hiru eskualdetan banatzeari buruz, (Ipar-ekialdekoa, Mendebaldekoa eta Hegoaldekoa) aipatu ikertzaileak dio “litekeena dela ingurumen baldintza oso desberdinetara egokitzeko fenomenoak islatzea banaketa horrek. Gainera, aipatu populazioen barne analisiak hiru azpipopulazio identifikatu zituen Europa Hegoaldekoan;horietako bat argi lotuta agertzen zen Espainiako ipar-ekialdetik zetorren materialarekin”, gehitu du Urrestarazuk.

NUPeko ikertzaileek Nekazaritza eta Elikagaien Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionalak (INIA) finantzatutako beste proiektu batean ere parte hartu dute Espainiako beste bost ikerketa zentrorekin batera, Espainian kontserbatu diren sagarrondo ia guztiak ebaluatzeko. “Kasu honetan ere, Espainian iraun duten sagarrondoen dibertsitate handia egiaztatu da —aipatu du Urrestarazuk—, eta Espainiako barietate askok, beste jatorri batzuetakoekin alderatuta, argi desberdindutako ondare genetikoa osatzen dutela”.

Sagarrondoen Germoplasma Bankua

Ikerketak garatzeko, NUPek Germoplasma Bankua dauka, eta bertan 400 sagarrondo akzesio baino gehiago kontserbatzen dira. Jatorrizko materiala gune hauetan bildu zen batez ere: Nafarroa Hezean (ipar-mendebaldean), Lizarraldean (Urbasa eta Andiako mendilerroetan), Erro, Zaraitzu eta Aezkoako ibar piriniarretan, Iruñeko eta Irunberriko arro pirinioaurrekoetan eta iparraldeko beste leku batzuetan.

“Germoplasma bankuak sortzeak eta mantentzeak erosio genetikoaren kontra borrokatzen laguntzen digu. Erosio genetikoaren kontzeptuak, adiera zabalean, espezie jakin baten barietateak galtzen direla adierazten du, eta, horrek espeziearen ondare genetikoa murriztea dakar —azaldu du Jorge Urrestarazuk—. Egoera hori bereziki adierazgarria da sagarrondoa bezalako espezieetan, gaur egungo ekoizpena guztiz ahaidetutako barietateen kopuru oso txiki batean oinarritzen baita, eta horrek oinarri genetiko oso estua adierazten digu. Adibide gisa Europar Batasuneko kasua aipa daiteke, non ekoizpenaren % 50 lau barietaterekin soilik lortzen baita: ‘Golden Delicious’, ‘Gala’, ‘Red Delicious’ eta ‘Idared’. Dudarik gabe, horrek esan nahi du malgutasuna nabarmen galdu dela egoera berrietara egokitzeko".

Zentzu horretan, iraganean ekoizten ziren barietate tradizionalak germoplasma bankuetan kontserbatzea "eta sakontasunez ikertzea espeziea hobetzeko pauso erabakigarriak dira, lagungarria izango baita interes agronomikoko karaktere nagusien bariazioa kontrolatzen dituzten geneak identifikatzeko;horrela, epe ertainean, espeziea hobetzeko programetan sartu ahalko dira ekoizleen eta kontsumitzaileen beharrak asetzeko aldaera genetiko egokiak dituzten barietatek", amaitu du Jorge Urrestarazuk.