Segura-Zerain mendi proba jokatuko da gaur

Ibilbidean aldaketak egin dituzte eta “korrika gutxiago eta zati tekniko gehiago” sartu dituzte

Sábado, 6 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:13h

segura- Segura-Zerain mendi probaren bigarren edizioari emango diote hasiera gaur arratsaldean. Bi ibilbide prestatu dituzte iazko moduan: luzea, 25 kilometrokoa eta 1.500 metroko desnibel positiboarekin, eta motza 15 metrokoa 800 metroko desnibel positiboarekin. Luzeko korrikalariak 16.00etan abiatuko dira Segurako plazatik, eta mo-tzekoak 16.30ean. Guztira, 216 pertsonek eman dute izena Segura-Zerain mendi proban parte hartzeko eta horiek izango dira hasieran abiatuko direnak.

Iazko ibilbidetik aldaketak egin dituzte antolakuntzakoek, izan ere, aurreko edizioan hainbat partaidek azaldu zuten korrika egiteko zatia oso luzea zela, beraz, lehen pista ziren bi zati bidetxurretara bideratu dituzte. Modu horretan “korrika gutxiago eta leku tekniko gehiago” izango direla argitu du antolakuntzako kide den Ekhi Albizuk.

Lasterketa hau, gainera, Goierriko Kopa Traileko laugarren lasterketa puntuagarria da. Orain arteko liderrak honakoak dira: ibilbide motzean Gaizka Romero eta Nerea Rosado, eta luzean Juanjo Igartzabal eta Elena Calvillo, eta laurak lasterketan izango dira. Goierri Kopa Traila amaitzeko bi proba falta dira oraindik ere;datorren astean jokatuko den UZ trail, eta irailaren 10eko Idiazabalgo Axari.

Sariei dagokionez, korrikalari bakoitzak kamiseta, eta hainbat produktuz betetako poltsa jasoko dute. Ibilbide luzeko irabazleek 200 euro, txapela eta garaikurra jasoko dituzte;bigarren postuan sartzen direnek 150 eurona eta hirugarrenek 100 eurona. Motzeko irabazleek, berriz, garaikurrak eta loteak jasoko dituzte eta herriko korrikalarientzat ere izango dira sariak. Horrez gain, Albizuk azaldu du herri afaria izango dela ondoren eta korrikalarien-tzako dohan izango da. - M.A.