Azpeitiko Udalak II. Sorkuntza bekarako deialdia egin du

Artisten proiektuak bultzatzeko bekak 12.000 euroko diru-poltsa du eta ideiak ekainaren 3ra arte aurkez daitezke

Domingo, 7 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:12h

azpeitia- Joan den urteko arrakasta ikusita, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean antolatzen duten Sorkuntza bekaren bigarren edizioa abiatu dute. Aurtengoak 12.000 euroko diru-poltsa izango du (iazkoaren bikoitza) eta interesatuek ekainaren 3ra arte aurkez ditzakete beren proposamenak udaletxean edo Kultur Mahaian.

Udaletik gogorarazi dutenez, kultur sortzaile berriak bultzatzeko iaz sortu zen beka honek harrera “ezin hobea” izan zuen lehen deialdi hartan. Izan ere, “hamar proiektu aurkeztu ziren eta epaimahaiak hala erabakita bost lagundu ziren diruz”.

Sorkuntza bekaren bigarren edizio honetan ere, “artisten irudimenetik sortutako musika, pintura, eskultura, literatura, antzerki, komiki, soinu konposizio, ikus-entzunezko, dantza... proiektuak aurkez daitezke”. Azken batean, beka honen helburua “sortzaile gazte edo berriei buruan dituzten ideiak plazaratzeko baliabideak eskaintzea” da.

ezaugarriakII. Sorkuntza bekarako proiektuak “16 urtetik gorako edozeinek” aurkeztu ahal izango ditu. Gainera, “edozein kultur arlotako proiektuak lagunduko dira diruz” eta eskatzaile bakoitzak “nahi adina proiektu aurkez ditzake”. Hori bai, “gehienez bi proiektu lagunduko dira diruz bekaren bitartez”.

Beka esleitzerakoan “proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea..., izango dira kontuan”. Azpeitian bi urtez erroldatuta egotea ere baloratuko da baina kanpoko sortzaileek ere dute beka jasotzeko aukera. - J.L.