Erripan gora

Hiriko errituak

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 7 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Galería Noticia

Mugimendua sumatzen da Iruñeko zezen plazan. Ez, ordea, zezen urrinik. Ez, oraingoz, behintzat. Barrenetik erakustea erabaki dute, hemengo eta kanpoko jendeari, sos pizar batzuk ateratzeko. Estaltzen ez den bitartean nekez emanen dio MECAk erabilerarik, uztaileko bederatzi egun horiek kenduta. Lehenago, 15ean ere bazen zer ikusi hondar biribilean, baina aspaldian ez da hirira bonbero-toreroa etorri, eta ez dirudi sekula santan berriz agertuko denik, plaza mukuru egoten bazen ere. Zer den denboraren joana, eta zer, ohituren aldaketa. Batzuek zezenik gabeko jaiak dituzte amets, ez zezenketarik, ez entzierrorik, baina hiriko haurrak oraindik ere entzierro-jostetan aritzen dira. Dena dela, zer gerta ere, hobe luke Miserikordia Etxeak bertzelako dirubideak aztertzen hastea. Zailagoa omen zen udal aginte-makila bertze batzuen eskuetara iristea, eta hara!

Kontua da behin maiatzean sarturik, gauza orok eramaten gaituela uztailaren zazpirantz. Inon arautua ez dagoen usadioan, bi erritu bete dira, huts egin gabe. Kiliki ozpinduak iragarriko dizkigu jaiak, eta zezen lepabeltz suhar batek, zezen feria. Ez da oraindik jaio denen gustua eginen duenik. Behin, Nabarreriako pintoreari errietan egin zioten, arrunt txikia omen zelako festak iragartzeko kartelean berak margoturiko mutil gaztearen eltzea. “Ze uste du Zigak, mutilok horren merendu eskasa daramagula zezenetara ala?”. Artean ere Gayarre antzokia Gazteluko plazan ageri da, gaur egungo tokira eraman baino lehen. 1910ekoa da, eta jakina, irudian ezin falta Sarasateren biolina, bi urte lehenago Lapurdin zendua. Hurrengo erritua, hemendik gutxira;bihar, etzi, etzidamu… Comedias karrikatik Sarasatera atera, eta ustekabean, burdinazko lehen egiturak joko ditugu begiz, urtetik urtera gero eta lehenago, edo halaxe iruditzen zaigu;tonbola, alegia.