Mugatik

Javier Esparzaren aurpegia

Por Aingeru Epaltza - Martes, 9 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Guztiok prezio bat dugu, EAJ kenduta. EAJk bi prezio ditu. Bata, Madrilgo Gobernua boto premian dagoenerako. Bertzea, Madrilgo Gobernua boto premia hil ala bizikoan dagoenerako. Oraingoan, bigarren tarifa aplikatu dio Rajoyri. Lekeitioko antzara eta Faltzesko betizua bezain tradiziozkoa da jeltzaleek Moncloako nagusiei ahul dabiltzanean ordainarazten dieten bide-saria. Suarez, Gonzalez, Aznar, Zapatero… denak bipildu zituzten. Rajoy ezin salbuespena izan. Aurrekonturik nahi? Hasi, bada, patrika arintzen. Madrilen batzuek darabilten zalaparta ez da berria. “Kontzesioen” garaia akitutzat jo eta gero, gogorra izan behar da, berriz, “separatisten” mozkina. Espainiako ezker berria ere haserre dago. PPk hartu duen arnasa da, noski, aferaren alderdi ilunena. Rajoyren iraupena ez zegoen, ordea, EAJren sostenguaren edo sostengu ezaren baitan. Hark ekar lezakeen baino oihal gehiago behar luke gehiengo alternatiboaren soinekoak eta, momentuz, ez da jostunik ageri Espainia aldean. Amorragarriagoak dira solidaritate eza ahora ekartzen dutenena;hitzartu berri diren kontu-sailekin inork ez dio inori deus kendu, EAErekiko aspaldiko zorrak kitatu baizik. Ustekabe gutiago piztu du esker abertzalekoen mutur beltzak. Inoiz Madrilekin negoziatzeko atakan baleude, bertzelakoak lirateke beren lehentasunak. EAJren eta PPren akordioarekin, UPNk ahoratu du, dena dela, ozpinik garratzena. Javier Esparzari oraindik ez zaio memelo aurpegia kendu, ikusirik-eta nola, 2017ko aurrekontuetan, nazionalismo antiespainolak aise ere gehiago lortu duen hiru probintzietarako, foralismo espainazaleak Nafarroarako baino. Nolakoa izanen zen aurpegi hori, EAJko diputatuek Foru Gobernuarendako ere lan egin izan balute. Ez zen hain arraroa izanen: Barkosen bi kontseilari alderdi horretakoak dira, eta, nik dakidala Nafarroak Euzkadi izaten segitzen du jeltzaleen dotrinan.