Ikasberriko jolastokia berrituko dute Azpeitian

Jolas leku berria Ikastola ondoan bizikletentzako egokituta zegoen 250 metro koadroko eremuan egingo da

2017(e)ko maiatzaren 9a, asteartea - 06:12etan eguneratua

azpeitia- Azpeitiko Udalak Ikasberri ikastolako jolastokia eraberri-tzeko lanak abiatu ditu, beti ere, jolas lekua ikastetxearen helburu pedagokioetara egokitzeko. Aurrikusitakoaren arabera, martxan jarritako obrak “ikasturtearen amaierarako” izango dira prest.

Ikasberri ikastolaren jolastoki berria ikastetxearen ondoan bizikletentzako egokituta zegoen 250 metro koadroko lur eremuan egingo da eta Udaletik jakinarazi dutenez “ondarra, ura, belarra edo harriak bezalako elementu naturalekin osatuko da”.

Jolas parke berria “zero eta sei urte bitarteko haurren garapenera egokituta egongo da, bereziki”. Hori bai, “aste egunetan eta eskola orduan Ikasberriko haurrentzat izango bada ere, beste ikastetxeetako jolas parkeak bezala, herritar guztiek eskola orduz kanpo erabiltzeko aukera izango dute”.

Eneko Etxeberria alkateak egin beharreko lanen aurkezpenean azpimarratu zuenez, “proiektu hau Udalak eta Ikasberrik elkarlanean gauzatuko dugu, ikastetxeak dituen behar pedagogikoen arabera”.

Izan ere, Ikasberri ikastolak duela zenbait hilabete jakinarazi zion Udalari kanpoko jolaslekuan ume eta gaztetxoak egoki jolasteko leku falta zuela. Ordutik bi erakundeetako ordezkariak lanean aritu dira “arazoari irtenbidea bilatu nahian”.

Azpeitiko Ikasberri ikastolak Haur Hezkuntzako neska-mutilei zuzendutako Kimu proiektua abiatu du eta jolastoki berria bertan ezarritako helburu pedagokioak lortzeko baliabide bat izango da hurrengo ikasturteetan. - J.L.