Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

‘39 idazle nafar’, euskal narratibaren aniztasuna islatzen duen bilduma

Pamielak Nafarroako 39 euskal egileren lanak bildu ditu bere azken argitalpenean Fertxu Izquierdok koordinatuta, ibilbide luzeko egileak zein ahots berriak uztartzen dira bertan Antologia baino, lagin bezala plazaratu da liburua

Miren Mindegia Iñaki Porto - Viernes, 26 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:13h

iruñea - Nafarroan dagoen euskarazko narratibaren lagin bat eskaintzea. Horixe izan da Pamiela argitaletxeak plazaratu berri duen 39 idazle nafar bildumaren helburua, atzo Joxe Angel Irigaray editoreak eta Fertxu Izquierdo lanaren koordinatzaileak aditzera eman zuten bezala. “Pretentsioa ez da izan antologia oso bat egitea”, azpimarratu zuen atzo editoreak, “hori ezinezkoa da, baina bai lagin esanguratsu eta maitsu bat egitea. Nafarroan euskaraz egiten denaren berri modu txukun batean plazaratzea merezi zuen”.

Lan hau, iaz argitaletxe berak plazaratu zuen 24 relatos navarros bildumaren ondotik dator. Izan ere, bertan bildutako lanen artean soilik bi ziren euskaraz. “Nafarroan egiten den narratibaren ikuspegi orokor bat eskaintzen zuela zirudien”, argitu zuen Irigarayk, “eta noski, hori ez da horrela”. Orain, Nafarroan baden euskarazko sorkuntza agertzeko “garai egoki eta premiazkoa” zela ondorioztatu du Pamielak.

Hala, liburuan 39 egileren lanak bildu dira, tartean editorearena eta koordinatzailearena bera. Izenen artean, idazle kontsagratuak zein ahots berriak bildu dira, jatorri eta estilo anitzekoak. Izan ere, bildumaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat horixe bera dela, aniztasuna, azpimarratu zuten bai Irigarayk bai Izquierdok ere. Editoreak argitu bezala, “osatu den idazleen xaramela gure ustez ikaragarri interesgarria da, bai aniztasun aldetik, bai gaia tratatzeko manerarengatik, hizkuntza, hizkera eta adierazteko moduengatik, generoagatik, eta abar”.

“Nafarroan euskaraz egiten ari diren eta datozen urteetan egingo den ikuspegi zabala eta anitza eskaintzen digu lan honek”, gehitu zuen atzokoan Izquierdok. “Zen-tzu horretan lan oso freskoa da, narrazio guztiak originalak eta argitaratu gabeak dira, genero mota ezberdinak daude: gai sozialak, politikoak, gaur egungoak, historikoak, fantasiazkoak, erotikoak...”. Hala, bildumak argi uzten duena, bertako euskal narratiba “bizi bizirik dagoela” da. “Oso lan ona dela erran beharra dugu”, erran zuen Pamielako editoreak, “irakurri beharrekoa eta Nafarroan ezagutarazi behar dena”.

Egileen artean, adin eta jatorri desberdinetako egileak aurkitzen dira. “Ñabardura bezala”, Irigarayk adierazi duenez, Nafarroa Garaiko zein Behereko egileak bildu nahi izan dira, lurraldea bere osotasunean ulertuz. Osotara, Nafarroa Behereko bost egileren lanak biltzen dira 39 idazle nafar liburuan. Egile berrien aldetik, gainera, “etorkizun oparoa iragartzen duenik” ere aurkitzen dira.

Sonako izenen artean, Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Alberto Ladrón edota Antton Luku bezalako egileak aurkitu daitezke, besteak beste, 39 idazle nafar-en; baita kazetaritzaren alorrean zaildu diren beste batzuk ere, Jon Abril, Iñigo Astiz edo Dani Martinera bezala. Ahots gazteenei dagokienez, Leire Alonso, Miren Epaltza eta Ander Perez idazleak bildu ditu Pamielak lan honetan.

Azpimarratzekoa da, bai Irigarayk bai Izquierdok atzo nabarmendu zuten bezala, emakumezkoen presentzia zabalagoa dela egile berrien artean, ibilbide luzeko idazleen artean baino. “Dudarik gabe”, gehitu zuten, “etorkizunera begira aldatu beharko litzatekeen joera”.

Hutsuneak betez “Daudenak badira eta, noski, badira ez dauden ba-tzuk”, azpimarratu zuen atzo Irigarayk. Izan ere, eta Izquierdok hala adierazita, “erronka bat” izan zen bilduma honi ekitea.

Lehenengo urratsa gaur egun Nafarroan euskaraz argitaratzen duten horien zerrenda bat egitea izan zen, koordinazio lanaren arduradunak gogoratu bezala. Ia 50 idazleri ekimenean parte hartzeko gonbita luzatu ondotik, “hutsuneak bazirela” konturatu ziren. “Izan ere, idazleetako ba-tzuk oso agerikoak dira baina beste batzuk guztiz ezezagunak, sariren bat edo beste irabazitakoak, edo liburu ttikiren bat argitaratutakoak akaso”, gogoratu zuen Irigarayk.

Lehenengo proposamen horrekiko erantzun oso baikorrak jaso zituzten segituan. “Horixe izan zen lehenengo sorpresa”, gogoratu zuen Izquierdok. “Bai idazle kontsagratuek, bai ahots berriek ere, gogotsu onartu zuten proposamena”. Ondoren, hariari tiraka, idazle batzuek beste egileen arrastoen atzetik jarri eta hala osatzen joan ziren bilduma. Bidean, Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara teknikariaren eta ASNABIko Jesus Aranaren laguntza izan zuten, atzo gogoratu eta eskertu zuten bezalaxe.

Izquierdok ziurtatu bezala, “pozgarria da adin desberdinetako egileak bilduma berean biltzea”. Izan ere, azpimarragarria den ezaugarrietako bat horixe da, “ibilbide motzeko baina etorkizun oparoko” egileen lana plazaratzeko parada izan dela 39 egile nafar bilduma. “Gurea zubi lana baizik ez da izan, orain irakurleari dagokio zubiaren beste burura iristea eta gaur egungo nafar narratibaren bideetan menturatzea”.

Irizpideak bai, baina malgutasunez Behin bilduman parte hartuko zuten egileen zerrenda eskutan, koordinazioaren arduradunek irizpide zehatz batzuk jarri zizkieten idazleei lanak osatzerakoan. Luzerari dagokionez, bilduma osatzen duten narrazioak motzak dira, gehienez 10.000 karakterekoak; eta generoari dagokionez narrazioak soilik bildu dira. Hala, liburuan ez da aurkituko antzerki, saiakera edo poesia lanik.

Izquierdok argitu bezala, irizpide amankomunietako bat “oso malgu, baina Nafarroa hor nonbait agertzea” izan zen. Ez bakarrik gai bezala, baita eta kokaleku edo kontzeptu bezala. “Polita iruditzen zitzaigun egile bakoitzak irizpidea nola hartuko zuen ikustea”.

Herramientas de Contenido