Julen Axiarik ‘basa ahaideak’ ekarriko ditu astelehenean Iruñera

Kondestablearen Jauregian eskainiko da kontzertua, 19:30ean

Miren Mindegia - Sábado, 10 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:10h

iruñea- Julen Axiari (Baiona, 1987) musikariak Xiberoko mendietako soinuak ekarriko ditu astelehenean, Iruñeko Kondestablearen Jauregian eskainiko duen Basa ahaide... haratago kontzertuan. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarlanean antolatutako emanaldiak, izenburuari jarraiki, basa ahaide zaharrak oholtzaratuko ditu, Xiberoan egundaino mantentzen den abesteko eta musika jotzeko modua, naturarekin hertsiki lotua dena.

“Xiberoko mendietan, Arbailetan bereziki, gure arbasoek jadanik ematen zituzten basa munduari lotuak diren kantuak dira basa ahaideak”, azaldu dute musikariek. “Hi-tzik gabe, noiz arranoaren, noiz belatxen hegaldaka adierazten dute, bai eta ere gizakiaren harridura naturaren parean”. Horrexegatik, naturaren soinuekin daukan hurbiltasuna dela eta, airea edo hatsa ezinbestekoa da musika mota honetan, egileek azaldu moduan: “Hatsa eskatzen dute, bai eta ere indar sakon eta lasaia, ausartzia gailurretan. Munduko kantu luze (neurririk gabeko) ederrenetan sartzen ahal dira melodia horiek!”.

Betidanik, bakarka eta “a capella” kantatuak dira basa ahaideak. Julen Axiarik, bere esperientzia desberdin, ikerlan eta bidaien bidez, munduko beste “kantu luze” eta kantariak topatu ditu (Turkia, Azerbaidjan...), eta haiekin trukaketak egin. “Eskualde horietan, ahotsa eta musika tresnen artean ez da mugarik”.

Proiektu berri honetan, Jordi Cassagne, Nicolas Nageotte eta Bastien Fontanillekin batera, basa ahaideak haratago eramaten ditu, orkestrazio berri baten bidez, baina betiko, ohizko, izpiritua mantenduz. Hala, ahotsa, biolina, klarinetea eta biela errotaduna uztartzen dira Axiariren lan honetan.

Julen Axiari (Baiona, 1987) Iparraldean gailentzen ari den musikari belaunaldi berri baten adierazlerik nabarmenetako bat da. Beñat Axiari musikari ospertsuaren semea, perkusioarekin lotu du bere ibilbidea gehienbat, baita musika-proiektu berritzaileekin ere. Hala, jazza euskal musika eta afrikar musikarekin uztartzen dituen zenbait taldetan ibilitakoa da.