Leitzak zinema zaharrean sortu nahi duen proiektua 1,2 milioi eurotan baloratua dago

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak atzo bertatik bertara ezagutu zuen

Nerea Mazkiaran - Sábado, 10 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:09h

Parlamentariak eta Leitzako ordezkariak zinema zaharrean atzo.

Parlamentariak eta Leitzako ordezkariak zinema zaharrean atzo. (Argazkia: Leitzako Udala)

Galería Noticia

Parlamentariak eta Leitzako ordezkariak zinema zaharrean atzo.

leitza- Leitzako Udalak zinema zaharrean Herri Aretoa sortu nahi du “modu duin batean herriak eta eskualdeak duen sormenari eta arlo sozialari lotutako grina bideratzeko” Leitzako alkateak, Mikel Zabaletak, jakinarazi zioenez Nafarroako Parlamentuan Kultur, Kirol eta Gazteria Batzordeari. Izan ere, parlamentariek atzo bisitatu zuten Leitza, EH Bildu talde parlamentarioak hala eskatuta, proiektua bertatik bertara ezagutzeko.

Udalak zinean egin beharreko moldaketa lanen memoria aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuan, non 1.219.114 eurotan baloratuta dago proiektua. “Ezin izanen da gauzatu Nafarroako Gobernuaren laguntzarik gabe” esan zien alkateak. “Gure asmoa ez da azpiegitura handiegirik egitea. Soilik legezko gabeziei eta gabezia funtzionalei irtenbide bat eman nahi diegu, inguruko artista eta eragile sozialek dituzten beharrei erantzuna emateko” azaldu zuen.

Hala, Zabaletak nabarmendu nahi izan zuen “antzeko biztanleria duten udalerrietatik, 3.000 bizilagun inguru, Leitza dela bakarra erabilera anitzetarako aretorik ez duena” eta azpimarratu zuen beharra dagoela “izaera eta komunitateko nortasuna sendotzeko, aukera berdintasunetan oinarrituz eta sormen eta kontsumo kulturalaren alorra garatuz”. Hala, “hemen sortzen diren proiektuetan oinarrituz, herria ezagutzera emateko aukera sortuko da” Zabaletaren ustean.


GABEZIAKZinema zaharretik zehar egin duten ibilbidean, parlamentariek hainbat alorretan dauden gabeziak egiaztatu ahal izan zituzten, besteak beste, irisgarritasunari, isolamenduari, teilatuari eta segurtasunari dagokienez. Hala ere, eta nabaria den eskasia albo batera utzi gabe, eraikin horretan 111 jarduera gauzatu ziren 2015 eta 2016 artean. Bertan izan ziren Cristina Altuna eta Luis Zarraluqui (UPN), Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Miren Aranoa (EH Bildu), eta Guzmán Garmendia (PSN). Leitzako alkateaz gain, Ane Zabaleta idazkariak, Itziar Arizmendi arkitekto teknikoak eta Julián Zabaleta zinegotziak egin zieten harrera Parlamentuaren ordezkariei.

Kultura Batzordeak positiboki baloratu zuen Leitzako Udalak sustatutako proiektua, eta etorkizuneko jarduketei eutsi zion, hala badagokio, “justifikatutzat” jotzen zuten ekimen baten aurrean erabakiak hartzeko.

Garrantzia handia ematen dio Udalak gaur egun zinema aretoa kokatzen den eraikinari. Izan ere, garapen sozial eta kulturalerako erreferente izan da herrian. Herritarren ekimenez sortu zen 1956an, eta hala, jada desegokia zen parrokiaren lokala utzi zuten eta Udalak eraikin hori egitea onartu zuen. 1964an, eraikina handitzeko obrak egin zituzten eta Elizaren jabego gisa erregistratu zen. Ondoren, Udalak berreskuratu zuen eta 1988an berriz ere atondu zuten. Proiektagailua zaharkitua geratu zen, formatu digitala erreproduzitu ezinik, eta emankizunen ardura zuen boluntario taldeak, azkena María Uriarte, 2016an utzi zion lanari.

“Erreforma eta moldaketa lanak eginez gero, gaur egun dituen arazoak konpontzeaz gain, aukera dago zine aretoari beste izaera bat eman eta areto funtzio-anitzeko bihurtzeko” azpimarratzen zuten Udaletik. “Ez dugu azpiegitura berri bat edota handikietan dirua gastatzerik nahi. Orain arteko ibilbidean erakutsi den moduan, herrian dauden baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean moldatu eta baldintza egokietan edukitzea da Udalaren nahia”.