“Pertsonaia guztiak begi batekin marrazten hasi nintzen eta horixe da Mr. Euskaldunen berezitasuna”

David Aguirrezabalaga zarauztarra dago Mr. Euskaldun pertsonaia arrakastatsuaren atzean. Diseinu gutxi batzuk sare sozialetara igo zituen duela urte bete, eta jendearen harrera ona ikusita, “serioago” hartu zuen proiektua

Domingo, 11 de Junio de 2017 - Actualizado a las 09:56h

David Aguirrezabalaga

David Aguirrezabalaga

Galería Noticia

David Aguirrezabalaga

2 f Ane Roteta
Zarautz – Urte bete besterik ez du proiektuak baina dagoeneko Mr. Euskaldunen irudiak euskaldun guztien artean zabaldu dira. David Aguirrezabalaga zarauztarra dago pertsonaia arrakastatsu horren atzean, eta umorea eta irudi deigarriak erabiliz euskal kultura bultza-tzeko asmoarekin hasi zen zarauztarra bere diseinuak sare sozialetan zabaltzen. Arkitektura ikasketak egin zituen, baina diseinuaren mundua gustatu zaio betidanik eta bozeto batzuk Internetera igotzen hasi zuen Mr. Euskaldunen ibilbide arrakastatsua.
Nola bururatu zitzaizun Mr. Euskaldunen ideia? 
–Betidanik gustatu izan zait marrazkiak egitea eta diseinua, eta horrelako zerbait egiteko gogoa neukan. Mr. Wonderfulen estilotik abiatuta, euskal kulturako elementuekin zerbait egin nahi nuen. Hala, bozeto batzuk Internetera igotzea erabaki nuen nola funtzionatzen zuen ikusteko. Harrera oso ona izan zuen eta jarraitzaileak igotzen joan ziren jendea Facebook eta Instagramen marrazkiak elkarbanatzen hasi zelako. Hortik aurrera, serioago hartu nuen eta marrazki gehiago egiten hasi nintzen.
Facebooken 19.000 jarraitzaile inguru dituzu, eta Instagramen, berriz, 14.000 inguru. Espero al zenuen halako arrakastarik?
–Ez nuen inondik inora espero.Hasieran 10 marrazki igo nituen eta jarraitzaile gutxi nituen. Baina bat-batean jendea elkarbanatzen hasi zen eta jarraitzaileek gora egin zuten. Sorpresa handia izan zen.
Zein helbururekin hasi zenuen proiektua?
–Euskal kulturako elementuak pertsonifikatzea ez zen gehiegi ikusten eta ideia horri heltzea erabaki nuen. Nire leloa Euskaraz irri egin nahi dut da, azken finean, euskarazko marrazki, umore eta pertsonaiekin euskal kultura bultzatzeko. Hasieran, euskal elementuak pertsonifikatzen hasi nintzen, baina aurrerago Mr. Euskaldun pertsonaia sortu nuen eta horrek ere arrakasta izan zuen. Beraz, batetik euskal elementuak erabiltzen ditut, eta bestetik, Mr. Euskaldunen pertsonaia.
Eta zein da Mr. Euskaldun?
–Euskalduna, parranderoa eta gaztea da eta horrelako jendeari gerta-tzen zaizkion egoerak irudikatzen ditut umorearekin. Pertsonaia bat behar nuela ikusi nuen eta marrazki horrek arrakasta izan zuenez, berarekin istorio desberdinak egiten hasi nintzen.
Irudiak dira zure bereizgarriak. Nola sortu zenuen estilo hori?
–Beste ilustrazioengandik desberdintzeko berezitasunen bat behar nuela pensatu nuen. Tartalok begi bat du eta gure kulturarekin bat eginez, marrazki guztiak begi batekin egiten hasi nintzen eta horixe da nire berezitasun handiena. Marrazki sinpleak egiten ditut. Azken finean, ideia umore puntu batekin konta-tzea da garrantzitsua. Zerbait alaia eta sinplea nahi nuen egin.
Nola bururatzen zaizkizu horren ideia kuriosoak?
–Ez dakit (barreak). Buruari bueltak ematen dizkiot eta askotan nire munduan nago gauzak pentsatzen. Adibidez, kanta zatiak hartu eta birmoldatu egiten ditut, edo abestiari edo hitz bati beste zentzu bat atera-tzen diot. Beste batzutan egoera normalak edo parrandakoak irudika-tzen ditut.
Webgunean denda ere baduzu.
–Ez nuen horretarako asmorik, baina jendea eskatzen hasi zitzaizkidan eta nire produktuak ateratzen hasi nintzen. Gabonetan katiluak eta egutegia atera nituen eta ondo funtzionatu zuenez, webgunea sortu nuen (mreuskaldun.eus). Orain udako kamisetak, poltsak eta mantalak atera ditut. Horretaz gain, marrazki pertsonalizatuak ere egiten ditut.
Ba al duzu proiekturik aurreran-tzean?
–Beti daude gauza berriak egiteko. Orain kantu batzuen letrak aldatu ditut eta Zarauzko pertsona ba-tzuekin kolaborazio batzuk egin ditut. Bestalde, produktu gehiago ere nahi ditut atera, koadernoak edo agendak, adibidez. Horretaz gain, festetako programak edo kartelak ere egin ditut, eta orain kamiseta batzuk egiteko eskatu didate. Marrazki gehiago ateratzen joango naiz eta linea beretik jarraituko dut;azken finean, suertatzen dena egiten jarraituz. l