Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Zirrikituetatik begira

Diskotekak

Ana Urkiza - 2017(e)ko ekainaren 12a, astelehena - 11:56etan eguneratua

Hamaika arratsalde (eta gau) pasatu genuen kutxa beltzean sartu eta hormari begira dantzan Ibilbidea, joan bakoitzean, nahiko berdintsua izaten zen. Lehenbizi pistara begira egon, nor joan zen eta nor ez ondo jakin arte, dantzatzera atera (normalean, lehenbizi, neskak) eta musika geldia baino apurtxo bat lehentxeago, pista utzi eta barra ingurura hurbiltzen ginen. Han, nahi zuenak zer edana eskatu eta mutilengana hurbiltzeko momentua izaten zen. Ondoren, ahal zuenak ahal zuena: harremanetan sartzeko unea.

Neskok gutxiago edaten genuen;batzuetan, kontsumisio orritxoa etxera bueltatzen zen gurekin batera. Noizbehinka, lagunen bati ematen genion (baina hark ere, beharbada, ez zuen berea eta gurea kontsumituko). Eta noiz edo noiz, mutilen bati ematen genion, ligatzeko trikimailu gisa.

Diskotekarako neskon sarrera, haatik, merkeagoa izaten zen. Neskok gutxiago kontsumitzen genuelako eta mutilak (haiek bai kontsumitzen zutela) erakartzen genituelako.

Negozio ikuspuntutik, zaila da esaten gaizki pentsatuta zegoela. Gaur, ostera, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin nahi du diskoteketarako sarrera sexuaren araberakoa izan dadin. Eztabaida sutsua piztu du gaiak. Berdintasunaren aldeko erabakia dela diote batzuek. Diskriminazio positiboaren bukaeraz mintzatu dira besteak. Transexualen aldeko politikaz ere bai bateren bat...

Baina negozioaren ikuspuntua gailentzen da behin berriro. Neska gazteek, egun, mutilek beste edaten dute. Hortaz, zer dela eta jarraituko du enpresariak nesken sarrera mutilena baino merkeagoa mantentzen? Gastua handitu zaio eta erakarmen indarra berbera izanik, zergatik ez ditu baldintzak berdinduko?

Gizartea, normalean, beti doa arauaren aurretik. Eta araua politikoki zuzena izanda ere, arrazoiak bestelakoak direnik ezin ezkutatu. Tamalez esan behar, alkoholaren eta drogen kontsumoak berdindu egin gaituztela.

Herramientas de Contenido