Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Kenkariaren aurrerakina eskatu duten alargunek abuztu eta irail artean kobratuko dute % 8ko igoera

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak alarguntza-pentsioen kenkariaren ordainketa aurreratua arautzen duen arauari oniritzia eman dio

navarra.es - Lunes, 12 de Junio de 2017 - Actualizado a las 12:10h

Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluak oniritzia eman dio gaur egindako bilkuran Nafarroako Gobernuak alarguntza-pentsioen eta erretiroko kotizazio gabeko pentsioen kenkaria aurretik ordaintzeko prozedura arautzen duen araua izapidetzeari. Horrenbestez, bere pentsioaren ordainketa aurreratua eskatu duten alargunek abuztu eta irail artean kobratuko dute alarguntza-pentsioak eta LAGS parekatzen dituen % 8ko igoera.

Igoera hori joan den apirilaren hasieran onetsi zuen Nafarroako Gobernuak. Igoera hori 9.490 alargun inguruk izango dute, eta horietatik, % 98 emakumeak dira. Hori dela eta, gizarte-inbertsioa % 300 baino gehiago igoko da, eta 2016. urteko 3,2 milioitatik 2017ko 10 milioiko aurreikuspenera pasako da. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak ordainketa aurreratua egiteko prozedura arautzen duen Foru Dekretuko proiektuari oniritzia emanda, Nafarroako Kontseiluak horren gaineko irizpena emango du, eta geroago Nafarroako Gobernuari bidaliko zaio hark onets dezan.

Gogoratu behar dugu arautegi berriak kenkariak ere ezartzen dituela LAGSren azpitik dauden kotizaziopeko pentsioetarako. Horien kasuan, igoerak % 4,5 eta % 73,3 artekoak dira, eta hemendik hiru urtetara 2017ko LAGSrekin berdintzea ekarriko du. Horrez gain, 2019. urtean pentsio horiek 707,60 eurokoak (825,53 euro hilean aparteko ordainsariak hainbanatuta) gehi Nafarroako urteko KPI izango dira, alarguntza-pentsioak bezala. Kenkariak 12.466 pertsonek izango dituzte eta 2017ko PFEZen aitorpenetan gauzatuko dira. Neurri horretarako eskatutako gizarte-inbertsioa 10,8 milioi euro ingurukoa izango da urtero, 2019an erabat garatuta dagoenean.

Aurrerakina edo kenkaria

Alarguntza-pentsioen eta erretiroko kotizazio gabeko pentsioen kenkaria hileko aurrerakin gisa edo kenkari fiskal gisa (PFEZen kanpainan) eska daiteke. Hori horrela, gogoratu behar da hiru alarguntza-pentsiok izan ditzaketela kenkari fiskalak: gutxienekoetarako osagarria jasotzeko eskubidea duten alarguntza-pentsioak, zahartzaro eta baliaezintasuneko nahitaezko sorospenak eta osagarrirako eskubidea ez duten baina LAGSren azpitik dauden alarguntza-pentsioak.

Arestian aipatutako hiru pentsio horiek kenkari fiskal osoa eska dezakete PFEZen aitorpenean. Horrez gain, lehen bi pentsioen kasuan, kenkaria aldez aurretik jasotzeko aukera ere badago. Neurri horren helburua pentsiorik baxuenak jasotzen dituzten pertsonen errenta erabilgarria nabarmen hobetzea da. Bestalde, horri esker, haien bizitza-baldintzak ere hobetu egiten dira. Halaber, prestazio horien goratzea bermatzea ere da helburua, pertsona horien erosteko ahalmenari eusteko.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua foru Gobernuko, tokiko entitateen, gizarte-elkarteen, eragile ekonomikoen eta unibertsitateetako ordezkariek parte hartzen duten kide anitzeko kontsulta-organoa da. Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra da burua, eta haren barruan daude Gobernua, Gizarte Inklusio eta Babeseko zuzendari orokorra;pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea;Nafar Lansareko zuzendari kudeatzailea;Ekonomia, Enpresa eta Lan Politikako zuzendari nagusia;Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Osasuneko zuzendari nagusia.

Halaber, kontseiluan ere barne hartzen dira beste hauen kideak: Desgaitasunaren bat duten Pertsonen Erakunde Ordezkarien Nafarroako Batzordekoak (CERMIN), Kamira Sozietate Kooperatibokoak, Kultura arteko Hezkuntza Zerbitzukoak (SEI), Pobreziaren eta Gizarte-bazterkeriaren Kontra Borrokatzeko Sarekoak, Iruñeko Miserikordia Etxekoak eta gizarte-langileen, fisioterapeuten eta gizarte-hezitzaileen elkargo profesionaletakoak. Azkenik, erakundean beste hauetako ordezkariak ere badaude: Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Helduak Babesteko Kontseilua, ordezkari gehien dituzten enpresa eta sindikatu elkarteak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea.

Herramientas de Contenido