Azpeitiko Udalak ikastaroak proposatzeko epea ireki du

Datorren ikasturtean ikastaroren bat eman nahi dutenek hilaren 30era arte aurkez dezakete proiektua

Martes, 13 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:11h

azpeitia- Aurreko urteotan bezala, Udaleko Hezkuntza sailak dei egiten die, datorren ikasturtean Azpeitian ikastaroren bat eman nahi dutenei, proiektua aurkezteko. Proposamenak hilaren 30era arte aurkez daitezke udaletxeko sarrera erregistroan eta horren ondoren Udalak “aurkeztutako proiektuen balorazioa” egingo du.

Edonola ere, aukeraketa fasean sartu ahal izateko ondorengo baldintza bete beharko dira: “ikastaroa emango duenak, lan-tzea proposatzen duen gaiaren inguruko titulazio egokia izatea (edota horretan lan esperientzia duela agertzen duten agiriak izatea);zerbitzu hau herrian beste leku batean ez eskaintzea eta Udaleko sail bateko helburuekin bat egitea”.

Proiektuak aukeratu eta gero Udala arduratuko da publizitatea egiteaz eta lokala utziko du ikastaroa egin ahal izateko.

Interesatuek, eskaera orria beteta eta txosten bat aurkeztu beharko dute, ikastaroaren nondik norakoak azalduz. Hori bai, 2016-2017 ikasturtean ikastaroren bat eman dutenen kasuan, egiten den proposamena orain artekoarekin jarraitzea bada, ez dute txostena aurkeztu beharko. Kasu horietan “nahikoa izango da eskaera orria betetzearekin”.

Gai honen inguruko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 157 928 telefono zenbakira dei dezakete. - J.L.