Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Bote prontoan

Ametsak

Karmele Jaio - Viernes, 16 de Junio de 2017 - Actualizado a las 12:18h

Alcanza aquí tus sueños. Horrela dio zentro komertzialaren barruan dagoen elektronika, teknologia eta bideo jokoen denda erraldoiaren atarian dagoen kartelak. Alcanza aquí tus sueños. Atearen bestaldera pasatuz gero gure ametsa betetzeko aukera daukagula dio. Eta ni, kanpotik, ikusten ari naiz jende andana sartzen;jende andana irteten, euren ametsak plastikozko poltsetan daramatzatela.

Gure ametsen materialaz eginak gaude. Zer amestu, hori gara. Edo hori ari gara bihurtzen, bidean gaude. Neure buruari galdetzen diot denda erraldoi horretara sartzen ari den jende guzti horren ametsak norenak diren. Nork bihurtu dituen pertsona horien ametsak zerbait materiala, nork murriztu dituen gure ametsak produktu izatera. Noiztik diren gure ametsak erosi eta poltsa batean etxera eraman ditzakegun horiek. Eta noiz zapaldu dituzte, estali, desegin, bestelako amets batzuk. Erosi eta saldu ezin diren bestelako ametsak.

Askatasuna ametsen lurraldean bakarrik existitzen dela esaten da, ametsen munduan bakarrik izan gaitezkeela nahi duguna. Baina jada indarrez hartuta dago lurralde hori baita ere. Nireak ez diren ametsak amesten ditut. Gureak ez diren ametsekin beteta dugu burua. Ametsak ere salgai daude. Eta erosi egiten ditugu. Ez ditugu produktuak erosten, haiekin batera datozen ametsak erosten ditugu, haiekin batera datozen bizitzeko moduak, haiek bultzatzen dituzten gure arteko harreman motak bereganatzen ditugu produktuekin batera. Izan ere, kontsumismoak, izan genitzakeen beste amets batzuk suntsitzeaz gain, gizabanako isolatuak izatera bultzatzen gaitu. Hesiak jartzen ditu gure artean. Mundua indibidualki ulertzera bultzatzen gaitu. Eta mundu horretan zu eta ni hitzak onartzen dira. Gu hitza ez da existitzen.

Alcanza aqui tus sueños, dio kartel erraldoiak. Baina ez dira gure ametsak, sistema honek ezarri dizkigunak baizik. Zuri eta niri. Guri.

Herramientas de Contenido