Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Euskal antzerkiaren “aktibazioan” lagunduko duen dokumentazio zentroa sortu nahi dute

Mintzola Ahozko Lantegiak egin du proiekatuaren diseinua Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bitartez

Sábado, 17 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:03h

Eneritz Artetxe, Iñaki Murua eta Nere Erkiaga, atzo, Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako agerraldian.

Galería Noticia

  • Eneritz Artetxe, Iñaki Murua eta Nere Erkiaga, atzo, Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako agerraldian.

Donostia- Euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa diseinatzeko lehen urratsak egin ditu Mintzola Ahozko Lantegiak. Proiektua Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bitartez garatu du, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin eta antzerkigintzako beste hainbat eragilerekin elkarlanean.

Egitasmoa bideratzeko txostena atzo aurkeztu zuten Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Diseinua zehazten duen txostenaren inguruko azalpenak eman zituzten egitasmoa gauzatu duten ordezkariek: Mintzola Ahozko Lantegiko lehendakari den Iñaki Muruak, Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzailea den Nere Erkiagak, eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko lehendakaria den Eneritz Artetxek.

Agerraldian jakinarazi zutenez, Mintzolak landu du dokumentua, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bitartez. “Mintzola Ahozko Lantegiaren bokazioetako bat da bertsolari-tzatik abiatuta, euskaraz, ahozko kultur sorkuntzan ari diren gainontzeko eragileekin elkarlanean aritzea”, gogoratu zuen Iñaki Muruak. Ildo horretan, 2014an, kultur sorkuntzak dokumentazioan zituzten kezkak eta hausnarketak elkarbanatzeko topagunea antolatu zuen Xenpelar Dokumentazio Zentroak lehen aldiz. Antzerkigintzan jarri zuten arreta orduko hartan jardunaldiek, eta “argi ikusi zen euskaraz sortutako antzerkiaren dokumentazioa hainbat liburutegitan sakabanatuta zegoela eta dokumentazio asko oraindik bildu gabe: finean, euskarazko antzerkiaren garapenean lagunduko duen egitasmo baten beharra agerian geratu zen”.

“Abiapuntu sendoa eta emankorra da euskarazko antzerkiak pairatu duen gabezia handienetako bati aurre egiteko”, diote

Horiek horrela, bertsolaritzaren dokumentazioan duen eskarmentuan oinarri, Mintzola Ahozko Lantegiak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik, egitasmoa diseinatzeko proposamena luzatu zion Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteari. Bi erakundeok elkarlanean, eta borondatez lana egin duten antzerkizaleekin batera, parte-hartze prozesua bideratu eta Euskal Herri osoko ehunka antzerki eragileren iritziak jaso dituzte;norbanakoek zein antzerki dokumentazio zerbitzua eskaintzen duten bi erakundek hartu dute parte, Dantzertik (Bilbo) eta Escuela Navarra de Teatro-Nafarroako Antzerki eskolak (Iruñea).

Jakintza ugari batu dituzte eta hortik ateratako ondorioekin osatu da atzo aurkeztutako txostena. “Euskarazko antzerkiaren aktibazioan lagunduko duen dokumentazio zentro dinamikoa eraikitzea da helburua. Sorkun-tzari zein zaletasunari dagokionez, gure lurraldean zabaltzen eta ezagutza sakontzen lagunduko du”, azaldu du parte-hartze prozesua bideratu eta Xenpelar Dokumentazio Zentroko kide den Nere Erkiagak.

abiapuntu sendoaEuskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Eneritz Artetxek gaineratu zuenez, “komunikazio tresna edo ospakizun soziala, antzerkia galkorra dugu, aztarna gutxi uzten dituen jarduera baita”. “Ezaugarri horrek egiten du eder eta berezi, baina aldi berean, etengabeko arriskuan jarri. Gure kasuan, gainera, teatroaren izaera galkorrak bat egiten du hizkuntza-diglosiarekin;hori dela eta, euskal antzerkiak aurre egin behar dion arazo estrukturalak bikoitzak dira”. Horregatik, Mintzolak egindako lana eskertu zuen Artetxek: “Zalantzarik gabe, abiapuntu sendoa eta emankorra da gure antzerkiak pairatu duen gabezia handienetako bati aurre egiteko”. Euskal kulturan antzerkiak duen garrantzia aldarrikatuz amaitu zuen bere min-tzaldia: “Ahula izan arren, euskal kultura ulertzeko ezinbestekoa dugu. Beraz, erakunde publikoei dei egiten diegu berriro ere balio horretaz jabe daitezen eta babesa eman diezaioten”.

Mintzolak diseinatutako dokumentazio egitasmoa antzerki eragileen esku dago orain eta ahozko lantegiak, zentzu horretan, bere egitekoa bukatu badu ere, etorkizunean egitasmoa gauzatzen laguntzeko prestutasuna agertu zuen. Txosten honen bidez dokumentazio zerbitzuaren forma finkatuta, eragile politiko eta administratiboekin gai hau lantzeko fasea ireki daiteke. - N.G.

25 urte

Herramientas de Contenido