Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Erripan gora

Bideko gorabeherak

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 18 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

Montioka iristen dira. Eta nola etorri, halaxe joaten dira. Urtetik urtera, gero eta gehiago. Banaka batzuk negu gorrian. Franko, apiriletik ai- tzina. Emari etengabea, ekainetik goiti. Alimaleko oldea, udamineko zenbait egunetan. Donejakue Bidea, beti sos ekarle. Ostatu eta ofizio aunitz bidearen arrimuan. Azken urteotan, ostatu asko zabaldu dira toki guztietan ibiltariak hartzeko. Hiriburuko Karmen karrikan, konparaziora. Herriz herri ere bai. Halaber, dendak eta bertzelako zerbitzuak;fisioterapeutak, adibidez, erromesen zango nekatuak sendatu eta indarberritzeko. Erdi Aroan ere, antzeko pareko. San Zernin Burguak (Jaundone Saturdi, aspaldiko agirietan) Bideari zor baitio bere hasierako izana, eta hamaika herrik eta auzok ere bai.

“Bero zerria” izan dugun azken egun hauetako batean (barkatu hitz zakar hori, baina ezin esamolde aproposagoa sargori jasangaitzari errateko, aspaldi Anueko gizon baten ezpainetan aditu bezala), dozena bat erromes adinduxek zeharkatu zuten arratsaldeko 13:30 inguruan Trinitateko zubi ospetsua. Denak larruazal zuri-zuriak, baina eguzkiak ederki kiskalita, hau da, inolako txanorik eta babesik gabe, sorbaldak eta aurpegiak arras gorriturik, hondartzetan ikusten ditugun atzerritar horien antzera. Trenputxartuak ziruditen. Zubi horretan ari- tzen dira ostatuetako mutilak propaganda banatzen, erromesak erakartzeko. Ibiltarietako batek Garesez galdetu dio adineko gizon bati, eta gizonak erantzun: “Gareseraino gaur? Hobe zenukete Iruñean gaua ematea, eta biharamun goiznabarrean segi- tzea, bero zakarra baitago”. Dozenako saldoa Atarrabiako karrika Nagusi luze-luzean galdu da. “Nekez iritsiko dira gaur Garesa” erran du adinekoak. Eta ez, egun horretan ez zuten jo Santiago Beltzaren herria, Erreniegako maldetan artatu behar izan baitzituzten, eguzkiaren handiak bidea galarazita.

Herramientas de Contenido