2017ko, ekainaren 15a

Baluartek Sanferminetan antzerki eta su-artifizial gauak hartuko ditu

Lunes, 19 de Junio de 2017 - Actualizado a las 21:09h

Aurtengo Sanferminetan berriz ere Baluartek ateak zabalduko ditu. Azken urteotan bezalaxe, Areto Nagusian bi antzerki ikusteko aukera egongo da. Zehazki, uztailaren 10ean eta 11an, Carlos Sobera, Marta Hazas eta Javier Veiga, azken honek idatzitako eta zuzendutako 5 y… ¡Acción! endredozko komedia klasikoarekin helduko dira. Glamourrez jositako vaudeville honen atzean zinearen, telebistaren eta 'arrakasta' edozein preziotan lortzeko gogo biziaren inguruko satira garratza ezkutatzen da;zapuztutako ametsez, maitasun desengainuez eta desamodio iruzurrez hitz egiten du komedia honek. Egun bat beranduago, uztailaren 12an, Héroes komedia barregarri eta hunkigarria izango dugu gurean. 2006ko Laurence Olivier Sarietan Komedia Berria hoberenaren aipamena jaso zuen obra honek Luis Varela, Iñaki Miramón eta Juan Gea izango ditu oholtza gainean. Protagonistak Lehen Mundu Gerrateko hiru beterano dira, azken egunak ospitale militar batean ematen dutenak, aspaldi ahaztutako kanpaina militarrei buruz eztabaida liskartsuetan, Sor Madeleine kritikatzen eta bizitzari buruzko hausnarketak egiten. Gainera, gauero Sanferminetan, uztailaren 6tik 14ra, Baluarteko hirugarren solairuko terrazatik su-artifizialen jaurtiketa ikusteko aukera dago eta ondoren pintxo batzuk edo kopa bat hartzeko eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera dago.

5 y… ¡Acción! antzerkirako sarrerak 28 eurotan eta Héroes lanerako sarrerak 24 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko webgunean (www.baluarte.com), txartel-leihatilan eta 902 15 00 25 telefonoan. Suak ikusteko txartelak txartel leihatilan 18 eurotan eskura daitezke (pintxo eta edari bat barne), eta 20 pertsonatik gorako taldeentzat, sarrerak 15 eurotan. Gainera, Baluartek Sanferminetako pack berezia jarri du salgai: antzerkia + suak, 37 eurotan (soilik leihatilan).

Bestalde, kantu zaharrak eta euskal kantak abestea maite dutenek batez ere, baina baita euskal folklorea eta kultura gustoko dutenek, urteko hitzordua izango dute Sanferminetan bigarrenez Baluarten uztailaren 7an ospatuko den Sanferminetako Kantu Zaharren Bazkarian. 14.00etan hasita, tradiziozko euskal festa den honetan, nafar gastronomia eta upategiak dastatzeko aukera egonen da. Eta bazkalondoan, kantu zaharrak kantatzen ariko dira partaideak plater bakoitzean banatuko den kantu zaharrekin egindako liburuxkekin. Musika zuzenean interpretatuko du talde batek eta jardunaldian zehar sorpresa ugari egonen da. Sarrerak 55 eurotan, ohiko kanaletan.