Emakumeek osatutako big band batekin arituko da Muguruza

Bartzelonako Taller de Músics eta hainbat lagunekin batera birpasatuko du bere ibilbide guztia

Miércoles, 21 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:02h

Muguruza eta Micaela Chalmeta big band, atzo, Victoria Eugenia Antzokiko entseguan.

Muguruza eta Micaela Chalmeta big band, atzo, Victoria Eugenia Antzokiko entseguan. (IKER AZURMENDI)

Galería Noticia

Muguruza eta Micaela Chalmeta big band, atzo, Victoria Eugenia Antzokiko entseguan.

Donostia- Arratsaldeko 20.00etan Adarra Saria emango dio Eneko Goia alkateak eta, ondoren, kontzertu berezia eskainiko du Fermin Muguruzak Victoria Eugenia antzokian. Hilabete bat baino gehiagoko egonaldia egin du Bartzelonako Sant Andreuko Fabra i Coats sorkuntza-fabrikan eta, besteak beste, Taller de Músics-eko hainbat artistarekin aritu da elkarlanean. Nola? (2015) New Orleanseko diskoaren ondoren, bazuen gogoa big band bat eratzeko, eta emakumeek soilik osatzen duten 20 laguneko taldea gidatu du: Micaela Chalmeta big band -izena zor dio XX. mendearen lehen hereneko kooperatiba-munduaren erreferente izan zenari-.

Kortatu, Negu Gorriak eta bere ibilbide guztiko 18 kanta moldatu dituzte;zenbait kasutan “jazzeroak” gelditu dira eta beste batzuetan, big band batek egindako rhythm and bluesarengandik gertuago daude. “Dena den, rock and roll eta punk jarrera hor gelditu da inprimatuta”, onartu du Muguruzak. Atzo arratsaldean egindako entseguan, Euskalduna naiz eta harro nago, In-komunikazioa eta Balazalak entzun ahal izan zuten hara bertaratu ziren argazkilariek.

Hitzordua, baina, ez da horretan geratuko, musikari lanetan aritzeko betiko bidaideak gonbidatu dituelako zenbait kantetan parte hartzeko: Iñigo Muguruza anaia, Mikel Anestesia, Mikel Bap, Sorkun, Oskar Benas, Fino, Jon Tronbon eta Lonbi, Ines Osinaga, Niña Coyote eta Chico Tornado… Xabi Sonalok ezin du etorri beste konpromiso bat zuelako, baina soinu mahaiaren atzetik Kaki Arkarazo arituko da: “Nirekin ibili da Kortaturen garaietatik. Bestetik, jakina da hurrengo belaunaldia egiten ari denari arreta jarri diodala, eta kasu honetan Bilboko La Basu eta Odei Barroso Iparraldeko rapero eta bertsolaria ere gonbidatu ditut, azkenaldian euskal hip hopa egonkortzen ari dela erakusteko”.

Bi aukera bakarrikDonostiako emanaldiaz gain, beste bat egingo dute uztailaren 15ean Bartzelonako Grec Jaialdian. Muguruzak ez du proiektu hau disko batean jasoko;beraz, bi aukera baino ez dira izango moldaketa horiekin gozatzeko. “Hor dagoenak gozatuko du eta ez dagoenak, ez”, esan du: “Joan behar duzue ikustera, ezbairik gabe”. - Juan G. Andrés