Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Fermin Muguruza Musikaria eta zinemagilea

“Purista guztiak pikutara!”

Muguruzak (Irun, 1963) 2017ko Adarra saria jasoko du bere ibilbide osoarengatik eta big band batekin kontzertua eskainiko du Victoria Eugenian gaur 20.00etan

Juan G. Andrés | Gorka Estrada - Miércoles, 21 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:02h

Fermin Muguruza, musikaria eta zinemagilea.

Fermin Muguruza, musikaria eta zinemagilea. (GORKA ESTRADA)

Galería Noticia

  • Fermin Muguruza, musikaria eta zinemagilea.

Irun- Bartzelonatik etorri berria da eta beroak ezustean harrapatu du. Argazki saioa egiteko Irungo Mosku auzoko Kontrakalea aukeratu du, bere kalea. Elkarrizketa, baina, etxean eman du, milaka proiektu prestatu dituen sukaldeko mahai berean. Donostia Kulturak “beste jatorri ba-tzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko” gaitasunagatik saritu du. Kortatu (1983-1988) eta Negu Gorriak (1990-1996) taldeekin ala bakarka, punk, rock, ska, hip hop, reggae eta jazz estiloak jorratu ditu, besteak beste, “bide berriak urratu ditu eta beti dabil bidelagun berrien bila, bidea elkarrekin egiteko”, epaimahaiak nabarmendu duenez.

Zer pentsatu zenuen sariaren berri eman zizutenean?

-Hasieran ez nintzen ohartu eta, testuinguruan sartzeko, esan zidaten Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta Benito Lertxundi izan zirela aurreko saridunak. Egia esan, ez naiz oso sarizalea baina aurrekari horiekin, ezin izan nuen ezezkorik eman. Zintzoki, oso modu onean jaso behar dut, ilusio handiarekin...

Sariak galtzak bete lan harrapatu zaitu, ohi bezala…

-Bai, horregatik iruditu zitzaidan interesagarria saria. Egun, sekulako tributoa ordaintzen zaio nostalgiari, eta Donostia Kulturak bete-betean asmatu du ibilbideari sari bat sortzeko garaian. Txalotzekoa da eta uste dut oso garrantzitsua dela post-mortem ez ematea, bizirik zaudenean baizik.

Datorren urtean estreinatu nahi duzu ‘Black is beltza’ animaziozko filma …

-Hori da. Duela hiru urte Dr. Alderete marrazkilariarekin eta Harkaitz Cano idazlearekin egindako nobela grafikoaren egokitzapena izango da, baina beste look bat emango diogu. Nik horrela ulertzen ditut proiektu transmediak, adar ezberdinak dituzte: kasu honetan, komikia izan da abiapuntua, eta geroago etorri ziren erakusketa, ekitaldi paraleloak, kontzertuak, diskoa, zuzenekoak… Orain pelikularen txanda da.

Zein fasetan dago?

-Azken asteotako Bartzelonako egonaldia probestu dut pelikularen soinu banda grabatzeko. Raúl Fernández Refreerekin egin dut musika inzidentala eta hainbat kantutan parte hartu duten zenbait lagunen bisita ere izan dugu: Anari, Maika Makovski, Iseo, Manu Chao… Azken nahasketak baino ez dira falta, baina musika badugu prest. Orain animazioarekin has gaitezke!

Eta nola bideratu behar duzue?

-Irungo Dibulitoon eta Argentinako beste animaziozko estudio batekin egingo dugu. Sekulako lana egin behar da: pertsonaiak, fondoak…. Komikiarekin alderatuta, beste itxura bat izango du, erabat ezberdina. Marrazkiak Josep Homsek egingo ditu, Millenium pelikularen komiki-egokitzapena egin zuenak, eta beste gidoilari batekin arituko naiz, filma batek beste narratiba mota behar duelako.

Musikan hasi zinenetik, behin eta berriro aritu zara zeure burua berrasmatzen... Kortatu, Negu Gorriak, bakarkako ibilbidea eta azken zortzi urteotan, zinemagin-tzan murgildu zara buru-belarri, musikan baino gehiago…

-Bai, azkenaldian lan emankorragoa egiten ari naiz dokumentagintzan eta orain izugarri gozatzen ari naiz animaziozko pelikula bat nola egiten den ikasten: framez frame birpasatzen ari naiz gustuko ditudan filmak, eskarmentu handiko jendearekin bildu, jardunaldietara joan… Horretan datza gauzak egiteko nire grinak, benetan gozatzen dut gauza berriak ikasten.

Iragarri berri duzue Unax Ugaldek jarriko diola protagonistari ahotsa…

-Eta Sergi Lopezek ere hartuko du parte. Oso laguna dut eta Bartzelonan elkartu ginenean esan zidan: “Nirekin kontatu”. Horregatik diot oso proiektu pertsonala dela, oso nirea. Musika Refree eta hainbat lagunekin egin dudan bezalaxe, ahotsak jartzen dituztenek ere lagunak izan behar dute. Emozio handiz bizitzen ari naiz prozesu guztia.

Orain denbora gutxiago eskaintzen diozu musikari. Oholtzaren falta sentitzen duzu?

-Ez, gustatzen zaidalako ematen ditut kontzertuak, baina beste zenbait lagunek ez bezala, abstinentzia sindromerik ez daukat, asko sufritzen dudalako hartu beharreko lanarekin. Gero, taula gainean egonda izugarri gozatzen dut eta bertan sentitzen duzun ahalduntze hori ezin da ezerekin konparatu, baina bira batek inplika-tzen du esklusiboki horretara egotea: entseguak, errepidea, elkarrizketak… Dena xurgatzen dit.

Kanta berriak sortzeko ere ez duzu izango aukera handirik… Estudioko azken diskoa duzu ‘Asthmatic Lion Sound Systema’ (2008)…

-Iaz kaleratu nuen Black is beltza ASM sessions, bertsioak eta nire konposizioren bat biltzen zituena, baina azken disko osoa 2008koa da, bai. Aurten, baina, musika sorpresa berri eta berritzailea emango dut, ziur asko. Azken bi hilabeteotan Bartzelonako talde batekin aritu naiz esperimentatzen eta baliteke horrek fruituren bat ematea.

Zein talde da, zein musika estilokoa?

-Ezin dut esan baina ilusio handia egingo lidake haiekin bira bat egitea, beste bide bat erabat ezberdina irekitzea. Dena den, orain pelikularekin zentratu nahi dut. 2018 Black is Beltza filmarena izango da, eta Zinemaldian aurkeztu nahiko genuke, haiei gustatzen bazaie, jakina.

Koldo Otamendi kazetariak idatzi du egiten duzuna egiten duzula, “komunikatzailea” zarela ororen gainetik…

-Bai, oso lotuta dago nire heziketa formakuntzarekin. Kortatu osatu baino lehen pedagogia ikasi nuen, eta liberazioko pedagogiarekin aritu nintzen. Nire ustez, komunikazioaren gakoan dago oinarrituta dena eta horregatik hasi nintzen euskara ikasten bere garaian eta orain katalanez komunikatzea lortu dut. Hori ere nire sinadura horietako bat da. Baina ez da teorizatzen dudan zerbait, praktikatu egiten dudan gauza baino. Ni ekintzailea naiz, eta gero beste batzuek nik egiten dudanari buruz teorizatzen badute, ondo iruditzen zait, baina niri bost. Hori bai, uste dut asmatu dudala jendearekin esperientziak konpartitzen, batez ere sukalde honetako mahaian. Hemendik jende asko pasa izan da azken urteotan eta hori dela medio sortu dira diskoetxeak eta fun-tzionatzeko beste eredu batzuk.

Noizbait pentsatu izan duzu helarazi nahi duzun mezua kontu artistikoen gainetik egon behar dela?

-Ez, ez. Bat egin behar du denak. Woody Guthriek bere gitarran idazten badu “This Machine Kills Fascists” (Makina honek faxistak akabatzen ditu) gero gitarra hori jo eta benetan erakutsi behar du zertaz ari den: Guthriek esplizituki bidaltzen zuen mezua, baita bere kantuekin ere. Hori da balio duena. Asteburu honetan The Cabrians ska taldearekin egin dut kolaborazio bat, aspaldian eskatu zidatena. Turismo masiboaren inguruko testua idatzi eta haiekin egin nuen, baina oso kantu ona zelako eta ska tradizional zoragarria egiten dutelako. Hori nahi nuen, mezua bota, baina mezua ezin da da egon inoiz kontu artistikoaren menpe. Nire abestien artean mundu guztian gehien bertsionatu dena Zu atrapatu arte da. Oso modu naturalean atera zitzaigun, euskaraz ez genekien eta idatzi genuen: “Hi, burgués, madarikatua, ez duzu inoiz, ezer ulertuko”… Hikaz hasten ginen eta zukaz jarraitu… Alfabetatu gabe geunden eta ez genekien hori ez zela zuzena. Kanta horrela geratu zen eta horrela da gaur egun ere mundu osoan…

Egia da, milaka aldiz entzun arren, ez naiz inoiz detaile horretan fijatu!

-Bada, ez dakit zenbat jende etorri zaidan hori aurpegiratzeko. Puristak eta horrelakoak... Baina purista guztiak pikutara! Hori izan da nire leloa betidanik, zentzu guztietan, musikalki eta ideologikoki: “Purista zara?” Nirekin jai daukazu!

Eta militantziarena nola bizi izaten duzu egun?

-Katalunian lagun handiak ditut CUP alderdian eta haiekin ibiltzen naiz procés-aren alde, betiere heterodoxia handienarekin, niri gustatzen zaidan bezala. Eta lehengoan bilera bat izan nuen ikusteko nola lagun dezakedan azaroaren 25ean presoen alde Parisen egingo duten manifestazioan... Militantzia hor dago beti.

‘Procés’-a aipatu duzu… Konparazioetan sartuz gero, Kataluniak aurre hartu dio Euskal Herriari...

-Bai, sekulako jauzia egin dute, jarraitu dute aurrera, Espainiako Gobernuak umiliatu ditu katalanak behin eta berriz, baina horrek tesi independentistak indartu ditu. Asteburuan jakinarazi zituzten boto intentzioaren inkestak eta %64k asmoa du bozka emateko, izugarrizkoa da. Nik ez dut Euskal Herriarekin alderatzen, hemen prozesu armatu bat egon da, presoen gaia konpondu gabe daukagu… Bakoitzak bere historia dauka eta hau ez da lehiaketa edo norgehiagoka. Dena den, sortu dira dinamika berriak eta Nafarroan, esaterako, ikusi da aldaketarako gaitasuna dugula. Iparraldean ere, lehenbiziko aldiz historian, euskal elkargoa sortu da Fran-tzia chauvinista horretan, herrialdeak onartzen dituen Communauté Pays Basquedelakoa. Horregatik pentsa-tzen dut agian beste era batera jokatu behar dugula, erritmo ezberdinak ditugulako. Ni bozka emateko irrikan nago eta bihar egingo nuke, baina lehen gauza izango litzateke erabaki-tzea zeintzuk bozkatu beharko genuke eta hori oraindik ez dugu erabaki hemen.

‘Jot Down’ aldizkarirako Eduardo Madinak egin zizun elkarrizketa bolo-bolo zabaldu zen… Elkarbizi-tzari egindako keinu ederra izan zen, ETAren atentatu bat pairatu zuen sozialista eta ezker abertzaleko militante baten artean… Horrelako gehiago egingo zenituzke?

-Ez, ez. Hori egin genuen lagun minak garelako Julio Medemen La pelota vasca estreinatu zenetik. Hark eskatu zidan elkarrizketa egitea nire jarraitzailea izan delako betidanik eta oso harreman interesgarria dugu ideologikoki urrun gauden arren.

Pentsatu al duzu inoiz zure memoriak idaztea?

-Autobiografia? Duela urte batzuk Berria egunkaritik hots egin zidaten idazteko baina ezetz esan nien, oso gazte nintzelako. (Barreak) Baina bitxia bada ere, Edu Madinaren elkarrizketaren ondoren, pare bat argitaletxe etorri ziren galdetzeko ea ida-tziko nuen autobiografia. Baina oso okupatuta nago eta momentuz ez dut ezta pentsatu ere egin nahi. Zerbait gertatu beharko litzateke, inflexio puntu bat, nire bizitzaren inguruko zenbait istorio kontatzeko…

Talka Recordsekin zure diskoak soilik kaleratzen dituzu. Esan Ozenki eta Metak diskoetxeekin hamaika artistaren lanak plazaratu zenituzten bere garaian. Hori ere faltan sentitu duzu?

-Faltan ez dakit, baina askotan esaten dut: “Zergatik ez diot disko bat aterako honi eta kristoren bultzada eman?” Baina esan bezala, nostalgiaren kontra egin dut beti... Bidehutsen lana izugarria da, Elkarrek ere oso gauza onak egiten ditu, jende asko dabil autoekoizpenaren esparruan, oso atsegingarria da hori. Eta artista gazteek haien diskoak bidaltzen dizkidate: Belakok, Izarok… Pelaxek eta Telmo Trenorrek disko bat egin behar dute elkarrekin eta lehengoan bidali zidaten Lucrezia nire kantaren bertsio zoragarria. Gauza bera egin du Jurgi Ekizak Negu Gorriak-en Itxoiten abestiarekin. Eta Berri Txarrak Santiago de Txilen topatu nituenean, Gorka Urbizuk esan zidan bere bizitzako talderik inportanteena izan zela Negu. Kristoren sariak dira horiek!

Nolabait ere, euskal rockaren aitabitxia sentitzen zara?

-Buf, hori esatea gehiegi da oraindik. Ez dakit... Lehengoan erreportaje batean autogestioaren ikurtzat hartu ninduten. Hori sekulako piropoa da niretzat, baina aitabitxia… oraindik 54 urte ditut. Niretzako Mikel Laboa izan da benetako totema, ezta?

Baina ziur asko, zure atzetik etorri diren belaunaldietako jende askorentzat zu ere izan zara totema...

-Tira, horrela kontsideratzen badute gero datozen hurrengoek, orduan, ikasitakoa ondo transmititu dudan seinale izango da.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia