Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Erripan gora

Bezperetan

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 25 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

San Joan egunetik aitzinera, bertzelako jendea hasten da agertzen Alde Zaharreko zenbait karrikatan. Horrek ez du erran nahi eguneroko aurpegiak desagertzen direnik;hau da, hortxe ikusiko dituzu, konparazio batera, adinez oso aurrera doazen etxekoandreak, denak goizean goiz mandatutan, bazkaria ahalik eta lasterren prestatzeko, eguzkiak bazter guztiak “kizkorratu” baino lehen. Hortxe, okindegia zortzietarako ireki duen emakumea;hortxe ere bata zuritan jantzita dagoen farmazialaria edota itsuen kuponazoa saltzen duen mutila. Orobat, eguneroko edari banatzaileak, izerdi patsetan, ohi baino zamatuagoak, botila eta upel garraio nekosoan. Horiekin batera, sanfermin bezperetan bakarrik agertzen diren aurpegiak;batzuk, Estafetaren goialdean, ohiturari jarraiki, zezenetarako sarrerak eskaintzen. Errebentez landara, jende mugimendua ere sumatuko duzu urte osoan hertsirik egon den etxabeko pertsiana goratuaren ondoan. Bitartean, auzokide guztiak, erne-erne, etxabe horretan Sanferminetarako arropa zuri-gorria salduko ote duten edota goizetik arrats baimenik gabeko taberna bilakatuko ote den. Bertze etxabe batean, ziztu bizian ari dira obrak egiten, negozioren bat zabaldu nahian txupinazo egunerako, jakinik ere azken orduan irekitako denda horiek nekez iristen direla zabalik sanfermin txikietara. Beheitixeago dagoen arropa-dendan ere prest dute kartela: “edari hotzak salgai”. Nola ez, zurginak ere agertu dira zuresia jartzeko, turisten argazki-makinen begiradapean. Azkenik, zola gainean erdi etzanik, bi oinbeltz arropa zarpail, zurrut eta zurrut, lauzpabost txakurrez inguraturik. Jose Agerre iruinsemeak aspaldi idatzi bezala, horra hor bezperetako giroa.

Herramientas de Contenido