Kike Zinkunegi Tolosako Zumardia elkarteko kidea

“Kirola naturarekin harremanetan eta modu ludikoan sustatu nahi dugu, haur zein helduentzat”

Abian dira Zumardiak antolatu dituen piragua eta bizikletari lotutako udako ikastaroak. Kike Zinkunegi kideak proiektuaren nondik norakoen berri eman digu

Marta San Sebastian - 2017(e)ko ekainaren 28a, asteazkena - 06:03etan eguneratua

Kike Zinkunagi (eskuinean) Zumardiako kide, begirale eta piragua ikasleekin.

Kike Zinkunagi (eskuinean) Zumardiako kide, begirale eta piragua ikasleekin. (Marta San Sebastián)

Galería Noticia

Kike Zinkunagi (eskuinean) Zumardiako kide, begirale eta piragua ikasleekin.

Tolosa- Zein izan da Zumardia proiektuaren abiapuntua?

-Mendi inguruan, eskiatzen, piraguan, bizikletarekin... ibilitakoak gara elkartearen inguruan bildu garenak. Gure aurrekoetatik jaso dugu eredu hori, hor daude Nairobitarra, Antxon Bandres eta beren garaikideak. Kirola, eta batez ere naturari lotutako kirola, modu ludikoan sustatu nahi dugu haur zein helduentzat.

Hutsunea ikusten al zenuten Tolosako kirol eskaintzan?

-Mendiari lotutako elkarteak badaude Tolosan, baina beste kirol batzuei dagokienez hutsune bat egon zitekeela ikusten genuen. Kirol eskaintza zabala da, baina adin batetik aurrera konpetiziora zuzentzen da batez ere. Lehiaketa ondo dago, baina gurea osagarria da.

Proiektuaren beste hanka bat heziketa da ezta?

-Bai, garrantzitsua da. Alde batetik, kirola gozamenera bideratu nahi dugu eta balio batzuk transmititu eta, beste alde batetik, espazioaren beraren kudeaketan ere horrela jokatu nahi dugu;denona bada, denon artean zaindu behar dugu.

Pasa den urtean hasi zineten ikastaroekin, zer nolako erantzuna izan zuten?

-Eskola-kirolarekin hasi ginen eskaintza eta Tolosaldeko 8-9 urteko 300 haurrek izena eman zuten maiatzean eskaini zen natur kirolen proiektu pilotuan. Aurten eskaintza zabaldu dugu maiatza eta irailera eta adin tarte gehiagotara.

Baina espazio baten beharra zenuten...

-Bai, begiz jota genuen La Selva bezala ezaguna den gunea, Oria alboan. Udalak lagapena egin digu eta zabortegi bat izatetik leku txukun bat izatera pasa da, piraguak gordetzeko, biltegi eta aldagelekin. Auzolanean egin dugu eta herriari zabaldu nahi diogu. Aurrera begira ere Zumardia aprobetxatu nahi dugu eskaladako gunea, bizikleta gunea eta orekako gunea sortzeko.

Zein ikastaro mota hasi zarete eskaintzen?

-Iaz udan hiru ikastaro multzo martxan jarri genituen;naturari lotutako ikastaroa, piraguarena eta bizikletarena. Neguan eskiatzeko ikastaroa ere eskaini dugu eta 100 pertsona animatu ziren. Orduan hasi ginen bazkide sistema erabiltzen.

Nola funtzionatzen du bazkidetzak?

-Proiektuan sinesten duen jendeari babesa eskaintzeko aukera ematen diogu. Elkarte bat gara, ez enpresa bat, eta autofinantzazioan oinarritu nahi dugu, baina proiektuak aurrera egin dezan gutxieneko diru-sarrera batzuk behar ditugu. Bazkide diren familiek 100 euroko kuota dute eta norbanakoek 50, ikastaroetan %10eko deskontua eta espazioa doan erabiltzeko aukera.

Haur zein helduentzako eskaintza egin nahi duzue...

-Bai, aurtengo udan haur zein helduentzat ikastaroak antolatu ditugu. Helduekin ez da erraza izaten askotan orduekin asmatzea eta proposatzen diogu jendeari bost laguneko taldea osatzea eta zuzenean Zumardiara jotzea (info@zumardia.euss / 688 726 213).

Proposamen berrietara zabalik zaudete?

-Noski. Proposamenak jasotzen ari gara eta, esaterako, sendabelarren ikastaroa antolatu da, monoziklo ikastaroa... Zumardia plataforma irekia da, eta tolosarrona.


Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txokoa. Aralar. Zumardian gauden guztiontzat mendi kirolentzat jaioterria izan da. Han izan ditugu lehenengo mendi esperientziak.

Paisaia idilikoa. Gure inguruko edozein mendi puntak begiak irekitzen dizkizu eta irudimenak ihes egiten dizu.

Festa edo ospakizuna. Tolosako Iñauteriak.

Mendia. Beti aldarrikatzen dut gure Txindoki.

Hondartza. Zarauzkoa, eta Iparraldeko hondartzak ere oso gustuko ditut.

Últimas Noticias Multimedia