Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Nup-en garatuko material hibrido bat aplikatu dute atmosferako kutsatzaile organikoak antzemateko

Paula Moriones kimikariak porositate handiko materialak sortu ditu, eta ura aldaratzeko estaldura gisa ere erabil daitezke

NUP - Viernes, 30 de Junio de 2017 - Actualizado a las 20:58h

Paula Moriones Jiménez kimikaria, NUPeko doktore berria.

Paula Moriones Jiménez kimikaria, NUPeko doktore berria. (NUP)

Galería Noticia

Paula Moriones Jiménez kimikaria, NUPeko doktore berria.

Paula Moriones Jiménez kimikariak (Iruñea, 1982), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuen Institutuan (Institute for Advanced Materials-INAMAT) egiten du lan ikertzaile gisa, eta material hibrido bat lortu du, maila molekular edo nanoskopikoan nahastutako osagai organiko eta ez-organikoz osatua.


Bere fabrikazio prozesuak aukera eman dio ikertzaileari porositate handiko materialak prestatzeko, eta, NUPen irakurritako doktoretza tesian jaso duenez, ezaugarri hori oso interesgarria da industriako zenbait sektorerentzat, hala nola farmaziaren, automobilgintzaren eta elektronikaren sektoreentzat. Material hori aplikatuz, atmosferako kutsatzaile organikoak antzematea lortu da, bentzenoa, toluenoa edo xilenoa kasu, eta ura aldaratzeko estaldura gisa ere erabil daiteke.

Material hibridoen garapena materialen zientzian gero eta gehiago nabarmentzen ari den arloa da. Ikertzaileak azaldu duen moduan, material horiek piztu duten interesak badu bere zergatia: “osagai ez-organikoen egonkortasuna eta osagai organikoen moldakortasuna konbinatzearen arrakasta”. “Horiek batuta, bien propietateak elkartzen dira, bai eta hobetua ere —adierazi du—. Gainera, material hibridoak gel, mintz, zuntz, partikula edo hauts moduan prozesa daitezke. Ia-ia ez dago mugarik osagai organikoak eta ez-organikoak konbinatuz material hibridoak eratzeko, eta horiek hainbat aplikazio dauzkate medikuntzan, mikroelektronikan, sentsoreen edo sistema optikoen alorrean, automobilgintzan edota gainazaleko estaldura apaingarrien alorrean”.

Jesús Echeverría Morrás eta Julián Garrido Segovia Kimika Aplikatuko Saileko irakasleek zuzendu dute Paula Morionesen doktoretza tesia, eta, lan horretan, doktore berriak material hibridoak sintetizatzen dituen prozesu bat baliatu du (sol-gel izenekoa). Horren emaitza material porotsuak dira, giro tenperaturan kontrolatutako propietateak dituztenak, eta horrek aurreztea ahalbidetzen du, beste prozesu batzuen aldean. Material hibrido horiek sintetizatuz gero, xerogel bat lortzen da, gel mota deshidratatua eta barruan likidorik gabea.

TAMAINA NANOMETRIKOETAKO POROAK

Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta, bertan, ikertzaileak egiaztatu du material horiek sintetizatzeko baldintzek eta organikoak diren materialen proportzioak eragina dutela bai gela eratzeko denboran eta bai eskuratutako materialen propietateetan. Hala, esaterako, materialek poro gutxi-asko txikiak eduki ditzakete, baina betiere tamaina nanometrikoetakoak. “Poroaren tamaina funtsezkoa da material horien aplikazioetan, botikak modu kontrolatuan askatzeko balio baitute, adibidez”, esan du.

Paula Morionesek, Lisboako Unibertsitatean (Portugal) egonaldi bat egindakoak, beste emaitza batzuk ere lortu zituen bere ikerketan. “Sintetizatutako materialetako batzuk oso hidrofoboak dira, eta ura aldaratzen dute. Propietate hori dela eta, farmazia-industrian aplika daitezke, beste material batzuk beren gainazalean eta era selektiboan harrapatzeko edo atxikitzeko elementu moduan, baita beiraren industrian ere, estaldura babesgarri gisa”, esan du, azkenik, ikertzaileak.

CURRICULUM LABURRA

Paula Moriones Kimikan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta, ondoren, Ingurumen Kimikako Diploma eskuratu zuen erakunde horretan ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Kimika Iraunkorreko Masterra egin zuen, doktoretza egin baino lehen.

Bere jarduera zientifikoari dagokionez, dibulgazio hitzaldiak eman ditu, bost artikulu argitaratu ditu estatuko eta nazioarteko zenbait aldizkaritan, eta zazpi biltzarretan hartu du parte Espainian eta Frantzian. 2008 eta 2010 bitartean, Nafarroako Gobernuaren teknologoak trebatzeko programan parte hartu zuen NUPen, eta, 2011n, beka bati esker, biodieselaren kalitate kontroleko praktikak egin zituen Acciona etxean. Ondoren, sektoreko arduradun aritu zen Schneider Electric enpresan.