Aipamen gogoangarria ‘Eguna’ eta ‘Ortzadar’ gehigarriari

Rikardo Arregi sariak larunbatean banatuko dira eta bi publikazioak aintzatetsiko dituzte

2017(e)ko uztailaren 5a, asteazkena - 06:12etan eguneratua

'Eguna'eta 'Ortzadar'gehigarriko portadak.

'Eguna'eta 'Ortzadar'gehigarriko portadak.

Galería Noticia

'Eguna'eta 'Ortzadar'gehigarriko portadak.

Donostia- 2017ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak ezagutzera emango dira datorren larunbatean, Andoainen, Bastero Kulturgunean, eguerdiko 12.00etan izango den sari-banaketa ekitaldian. Aurten, XXIX. edizio honetan, saritutako lanez eta kazetariez gain, bi aipamen berezi ere egitea erabaki du epaimahaiak: Eguna, euskaraz egindako lehen egunkaria batetik, eta Ortzadar, astero Noticias Taldeak argitaratzen duen kultur gehigarriarena bestetik.

Eguna da euskaraz egindako lehen egunkaria. 1937ko urtarrilaren 1ean kaleratu zuten, Bilbon. Garai hartako jazarraldi faxistaren eraginez, ibilaldi laburra izan zuen;sei hilabete iraun zuen kalean eta guztira, 139 zenbaki kaleratu ziren. Euskal kazetaritzaren joan-etorrian mugarri garrantzitsua eta goraipatzekoa da Eguna. Horregatik, aipamen berezia egitea erabaki dute epaimahaikideek.

Ortzadar, astero publikatzen den kultur gehigarriarentzat izango da bigarren aipamena. Deia egunkariak 1997an sortu bazuen ere, Noticias talde osoak kaleratzen du astero. Aipamen berezi honekin epaimahaiak aintzat hartu nahi du erdal hedabide batean euskarazko kulturak espazio propioa lortu izana.

Ortzadarren kordinatzaile Julene Larrañagarentzat “sorpresa bat” izan da: “Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak euskal prentsaren esparruan ematen diren garrantzitsuenetakoak dira. Kazetaritzari loturiko pertsona edo lan garrantzitsuek jaso izan dute aipamen hau aurretik, eta Ortzadarrentzat lorpen polita da halako errekonozimendua jasotzea. Gehigarriaren bi hamarkadak ospatzeko opari ederra da, dudarik gabe”.

Larrañagak dio “euskal kulturari irekitako leiho bat” dela Ortzadar. Modu berean, gogoratzen du prentsa idatziak eta bereziki euskarazko prentsak bizi duen garaia zaila dela: “Euskal kultur eskaintza zinez oparoa da eta honek ahotsa behar du medioetan. Hala, Ortzadarrek zirrikitu bat irekitzen dio mundu horri: euskaratik eta euskaraz ekoiztutako kultur unibertso aberats bati. Gaur, hemen eta orain, zeregin horretan jardutea lorpen bat da”, azaltzen du.

Oinarrian helburuak berbera izaten jarraitzen du gehigarria jaio zenetik. “Euskal kultura hauspotu, bai, baina euskara ere zabaldu nahi dugu: jendea euskaraz irakurtzera erakarri, eta, finean, euskarazko gehigarri erakargarri bat egin”, dio Larrañagak.

Halako gehigarri bat koordinatzeak “euskal kultur panoramaren ezagutza zabala” eskaitzen diola adierazten du Larrañagak. “Ohartzen zara zenbat jende dagoen kulturaren eta euskararen inguruan lanean”. Halaber, bere esanetan, horietako asko ez daude lehen lerroan eta “horrek are txalogarriagoa egiten du beraien ahalagina”. Bukatzen du esanez, “egunero-egunero gure kultur panorama aberasten duten horien ekarpenik gabe ez dagoela euskal kulturarik. Horiei guztiei ahotsa ematea plazera eta ohorea da”.

XXIX. edizioaHiru sari emateko aukera du epaimahaiak: Kazetari berriasaria 27 urtez azpikoentzako, Epamahaiaren sari berezia eta sari nagusia denRikardo Arregi Kazetaritza Saria. Sari nagusiaren irabazleak 9.000 euro garbi etaKazetari berria atalarenak 3.000 euro garbi jasoko dituzte, Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura banarekin batera. Epaimahaiaren sari berezirik balego, Lakaren serigrafia eskuratuko luke.

Aurtengo edizioan mahaikide izan dira komunikazio arloko adituak diren Goio Arana Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Maria Gonzalez Gorosarri Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea eta Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko irakaslea;mahaiburu eta idazkari lanetan aritu dira Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia eta Patxi Baztarrika Euskara Zerbitzuaren arduraduna, hurrenez hurren. - N.G./ E. P.

rikardo arregi sariak

Noiz. Hilaren 8an, larunbatean, ezagutzera emango dira 2017ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Ekitaldi irekia izango da hurbildu nahi duen edonorentzat. Bertan izango dira, besteak beste, saridunak ez ezik, epaimahaikideak, Rikardo Arregiren familiakoak, Ana Carrere Andoaingo alkatea eta Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea.

Non. Andoainen, Bastero Kulturgunean, eguerdiko 12.00etan izango den sari-banaketa ekitaldian.

‘Aipamen bereziak’. Aurten, XXIX. edizioan, sariez gain bi Aipamen berezi ere egitea erabaki du epaimahaiak: Eguna euskaraz egindako lehen egunkaria, batetik, eta Ortzadar asteroko gehigarriarena, bestetik.

Más sobre Cultura y Ocio

ir a Cultura y Ocio »