Euskararen talde motorra bilduko da gaur

Lehen bilera izango da, 18.00etan Imanol Urbieta musika eskolan, eta 22 pertsonek eman dute izena

Miércoles, 5 de Julio de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Zarautz- Zarauzko Udalak eta Zarauzko Euskararen Aholku Ba-tzordeak prozesu parte-hartzaile bat jarri dute martxan euskararen erabilera aktibatzeko helburuarekin, eta gaur bertan egingo da lehen bilera, 18.00etan Imanol Urbieta udal musika eskolako aretoan (Lapurdi kalea, 9), Euskaltzaleen Topaguneak dinamizatuta.

Nekane Iribar Euskara zinegotziak prozesu parte-hartzailearen nondik norakoak azaldu ditu: “Lehen bilera honetan euskararen talde motorra osatuko dugu. Taldea osatzeko 22 pertsonek eman dute izena eta hauek izango dira parte-hartze prozesuko hiru saioak antolatuko dituztenak. Gaiak aukeratu eta saioetan parte hartzeaz gain, saio bakoitzaren ondoren elkartu eta bertan landutakoaren inguruko balorazioa egingo dute”. Prozesuan parte hartzeko izen ematea oraindik zabalik dagoela gogorarazi du, euskaraz@zarautz.eus helbidean.

Parte-hartze prozesua abiarazi eta asmoen berri emateko, Kike Amonarrizek Zarautz, euskararen arnasgune eta motore? hitzaldia eskaini zuen ekainaren 15ean, eta bertaratu zirenei parte hartzeko hainbat aukera zabaldu zitzaizkien: lehena, talde motorreko kide izateko aukera;bigarrena, parte-hartze prozesuko hiru saioetan ekarpenak egiteko;eta prozesu parte-hartzailearen inguruko informazioa jasotzeko. Euskara zinegotzia “oso pozik” azaldu da hitzaldiak izan duen arrakastarekin eta parte hartzeko interesa azaldu dutenekin: “Talde motorrerako 22 pertsonek eman dute izena, eta parte-hartze prozesuko saioetan 31 dira ekarpenak egiteko interesa dutenak. Gainera, 41 pertsonek prozesuaren inguruko informazioa eskuratzeko eskaera egin dute. Guztira, 94 pertsonek azaldu dute prozesuaren inguruan interesa eta oso positiboki baloratzen dugu”. - A.R.