Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Gozategi, 25 urte plazak biziberritzen

1992an bere ibilbideari ekin zion talde ospetsuak kontzertua eskainiko du gaur, 23:30ean, gazteluko plazan

Testua Miren Mindegia. Argazkia Utzitakoa - Jueves, 6 de Julio de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Aurten, 25 urteurrena ospatzen ari da Gozategi.

Aurten, 25 urteurrena ospatzen ari da Gozategi. (UTZITAKOA)

Galería Noticia

  • Aurten, 25 urteurrena ospatzen ari da Gozategi.

Gozategi anaiek badute zer ospatu, izan ere, talde oriotarrak 25 urte egin ditu Euskal Herriko plazak triki-pop soinuaz astintzen. Trikitixa eta panderoari tradizio usaina kendu eta erritmo dantzagarri eta garaikidea eman zioten lehenengoetarikoak izan ziren, erritmo eta doinu tradizionalak bestelako musika eta tresna garaikideekin uztartuz, arin-arin bat gitarra elektrikoaz lagunduta edo reagge eta dub kantu dantzagarriak eskainiz. Gozategiren jarraitzaileek esaldiak deklinatzen ikasi zuten euren diskoekin eta “musutxu psikotropikoen” sorginkeriaren berri izan zuten. Batek baino gehiagok sabaleko kalanbreak jota biziko zituen biharamunak, “hura gaua atzokoa!” gogoratu bitartean.

Asier Gozategi eta Ainhoa Gozategi anaia-arrebak eta Iñigo Goikoetxeak sortutako taldeak altxor hauetako aunitz eskainiko ditu gaur bertan sanferminetako eszenatokian, 23:30ean, dudarik gabe atzoko eta gaurko jarraitzailez beteta egonen den Gazteluko plazan. Plaza berezia izanen da taldekideentzat ere, Goikoetxeak azpimarratu bezala: “Sekulako ilusioa egiten digu, zalantzarik gabe gure herriaren historiaren tokirik enblematikoenetako bat baita Gazteluko Plaza. Uztailaren 6an, gaueko 23:30ean hor egonen dira munduko zibilizazio guztietako ordezkariak eta lortu beharko genuke kate luze bat egitea guztion artean. Hori izango litzake lortu nahiko genukeena, benetako zentzua emango baitio gure musikari eta gure kon-tzertuari, eta bestari orokorrean”.

25 urte hauen bueltan, besta eta plaza herria elkartzeko gune direla ikasi dute taldekideek eta heldutasunak ematen duen arduraz lantzen dute musika bere ordutik: “Giro oso polita sortzen da. Betiko kantak abesten ditugu, baina atzetik badago kon-tzientzia hori, eta nabaritu egiten da”.

Belaunaldiz belaunaldi jarraitzaile berriak biltzea lortu badu, hori kantuen edukiagatik izan dela ez dauka dudarik Goikoetxeak: “Gure kantuek oso ongi islatzen dituzte gizartearen hainbat momentutako pasarteak, oso modu errazean gainera. Eta hori gelditu egiten da, entzuleak ulertu egiten du”. “Bai musikak eta bai letrak badute oso konponente pertsonala”, gehitzen du, “egiten dugun musika oso musika sinplea da, ez nuke esango sekulako musikariak garela, baina bai kontrolatzen dugula egiten dugun hori. Horrek, sentimenduz interpretatzeko aukera ematen dizu”.

PAUSOZ PAUSO, HELDUTASUNERA Orion sortutako taldeak 1995ean argitaratu zuen lehenengo diskoa, Gozategi izeburupean, arrakasta nabarmena bilduz. Musikak elkartu zituen Asier Gozategi eta Goikoetxea, kantuak egiteko gogo biziak.

Hasmentako fase horretan ustekabean harrapatu zuen taldea ospeak. Kantu berriak etengabean konposa-tzeaz gain kontzertu andana eskain-tzen zituzten han eta hemen. “Dena oso azkar zijoan, kontzertu pila bat... Gazteak ginen eta ez dakit zein puntutaraino kontzienteak izan ginen arrakastaz. Urteko 150 kontzertu ematera iritsi ginen”.

Erritmo bizi hark, urteen igaroarekin batera, halabeharrezko atseden bat ekarri zuen ondoren. “Taldekideek ikasi genuen besteen bizi erritmoa errespetatzen. Batek kon-tzertu asko egiteko ideia izan zezakeen eta besteak ez. Hor, ekilibrio bat mantentzeko gai izan ginen, errespetu horretan”. “Benetan ulertu genuen musikarengatik elkartzen ginela, ez zela negozio bat: hori ulertu eta partaideen elkarbizitza hori mantentzea lortu genuen, beste filosofia batekin”.

Egun, garai berri batean dago taldea. Beste heldutasun batekin bizi dute taldekideek egungo Gozategi, Goikoetxeak nabarmendu bezala: “Musika egiten izugarri disfrutatzen dugu”. Gainera, plazetan “berpizte bat” dagoela nabaritzen dute: “Gazteek plaza betetzen dute, eta hor ikusten da herri baten osasuna zein den, termometro oso ona da gizartea neurtzerako orduan”.

Herramientas de Contenido