Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

NUP-en irakurritako tesi batek aztertu du Latinoamerikako immigrazioa nola irudikatzen den XX. mende eta XXI. mende espainiar zineman

Maíra Dias ikertzaileak egiaztatu du arazo sozioekonomiko eta kulturalak salatzen direla eta diskurtso neokolonialista adierazten dela

UPNA - Viernes, 7 de Julio de 2017 - Actualizado a las 21:11h

1996tik 2008ra Espainian egindako fikziozko filmak anbibalenteak dira Latinoamerikako immigrante ekonomikoez ematen duten irudiari dagokionez. Izan ere, batetik, arazo sozioekonomiko eta kulturalak salatzen dituzte, baina, bestetik, ikuspegi neokolonialista erakusten dute oraindik ere Amerikako herriei buruzko eraikuntza ideologikoan, Maíra Dias Pereira (São Paulo, Brasil, 1978) ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian azaldu duenez.

Film luzeek “ez dute Espainiako immigrante latinoamerikarren irudikapen erreala egiten”, harreman sozialen eszenaratze bat egiten baitute, Maíra Dias Pereiraren arabera. Ikertzaileak aztertu dituen filmek “inguratzen gaituen munduaren atal batzuk islatzen dituzte, garai bateko berezko muga ideologiko batzuen bidez eta hautatze-irizpide jakin batzuen arabera egiazkoa den horretatik hartutako alderdi batzuk, Pierre Sorlin historialariak 80ko hamarkadan ezagutzera emandako gogoetetan adierazi zuen bezala”. Hori dela eta, ikertzaileak uste du zinema tresna ahaltsua dela testuinguru soziokultural jakin bat ezagutzeko, baita gizarte baten pertzepzioak, kezkak, aurreiritziak eta botere-diskurtsoak interpretatzeko ere.

Juan Madariaga Orbea Geografia eta Historia Saileko irakasleak zuzendu du tesia. Dias Pereirak 48 filmen lagin bat ikertu du, eta bederatzi hautatu ditu sakon aztertzeko;horietako sei, arrakasta komertzial handia izan dutelako: “Princesas” (Fernando León de Aranoarena), “Sobreviviré” (Alfonso Albacete eta David Menkesena), “Flores de otro mundo” (Icíar Bollaínena), “Cosas que dejé en La Habana” (Manuel Gutiérrez Aragónena), “Pagafantas” (Borja Cobeagarena) eta “I love you baby” (Alfonso Albacete eta David Menkesena). Ikertzaileak beste hiru film hauek ere aukeratu ditu: “En la puta calle” (Enrique Gabrielena), zeinak immigrazioaren inguruko Espainiako zinemari buruzko gogoeta ugari bultzatu baitzituen, “Rabia” (Sebastián Corderorena) eta “Ander” (Roberto Castónena), hainbat zinemalditan pantailaratu eta zenbait sari irabazi zituzten bi film.

Ikerketaren helburuetako bat zen zinemaz baliatzea lekuko historiko eta soziokultural gisa, aukera ematen baitu garai jakin bateko irudikapen sozialak eta adierazpide ideologikoak identifikatzeko, historia, soziologia eta ikasketa postkolonialistak oinarri hartuta, eta, modu horretan, Latinoamerikako gaien inguruko material zinematografikoaren eta beste ekoizpen intelektual batzuen arteko elkarrizketa bat eraikitzeko.

Herramientas de Contenido