Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Sarasateko ‘momentikoa’, egoera guztietan kantatzen duen herria

euri zaparradak publiko guztia eszenatoki gainean biltzea ekarri zuen, emanaldiari eutsi ahal izateko

Testua Miren Mindegia. Argazkiak Iban Aguinaga - Lunes, 10 de Julio de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Julio Soto eta Jon Maia, abesten, atzean Maider Ansa (gai-jartzaile eta aurkezlea), Aimar Karrika eta Uxue Alberdi dituztela.

Julio Soto eta Jon Maia, abesten, atzean Maider Ansa (gai-jartzaile eta aurkezlea), Aimar Karrika eta Uxue Alberdi dituztela.

Galería Noticia

  • Julio Soto eta Jon Maia, abesten, atzean Maider Ansa (gai-jartzaile eta aurkezlea), Aimar Karrika eta Uxue Alberdi dituztela.
  • Zaleak, euri zaparrada iritsi aintzinetik, oraindik aulkietan.

Makurtzen den egoera batek ondorio zoragarri bat ekarri dezake eskutik, hari buelta ematen jakiten denean, kontran dagoen hori alde jarriz. Halaxe gertatu zen larunbatean Sarasaten ospatu zen bertso saioan. Oholtza gainean, Maider Ansa gai-jartzailearekin batera, lau bertsolari: Aimar Karrika, Julio Soto, Uxue Alberdi eta Jon Maia. Publikoan, aulkietan eserita, 200 ikusle inguru;plazatik joan-etorrian igarotzen ziren eta zeharka begiratzen zuten unean-uneko beste ikusle andanaz gain. Arratsaldeko 19.00etarako zegoen hitzordua jarrita eta ikusleek eszenatokiari bezainbat begiratzen zioten zeruari. Izan ere, goibel eta gris zegoen giroa, hodei bete eta ilunez estalita ortzia.

Euri-mehatxua errealitate bilakatu zen saioaren erdialdean. Tanta solte batzuk orain, eta publikoak aurre egitea erabaki zuen, aunitzek zapi gorriaz estalirik burua;xirimiria gero, eta batzuk handik hanka egitea erabaki zuten, guardasola zeramaten ernaiek heutsi egiten zuten bitartean;euri zaparrada, azkenean, eta ikusleria erdira murriztu zen, txipatzea erabaki zuten ausart batzuk heusten ziotelarik -baten batek aulkia aterki bezala erabiliz-.

“Xirimiri bat baino ez da hau, ta zergatik erretira?”, hasi zuen bertsoa Maiak lehen tantak eror-tzearekin batera, Ansak proposatutako gaiari helduta kiliki baten paperean zegoen bitartean, honela jarraituz: “jauzi da mila euri jasa hau, bi metroko kilikira, kiliki ta koloko, kalaka eta joko, publikoari begira, jende aurrera agertzen naiz ta, jeiki ta joaten dira”. Aurkezleak hitza hartu eta, inprobisatzaile zin-tzo eta ausartenaren pare, bota zuen proposamena publikora: saioak oholtza gainean jarraituko zuen. Eszenatokia hankaz gora jarri, bertsolariak bazter batean elkartu, eta ehun lagun inguru taula gainean bildu ziren, baten bat eserita eta gehienak zutik, estu baina goxo, eszenatokia eta publikoa ordurarte berezita mantendu zituen laugarren pareta hautsi berri zelaren jakitun denak.

Bertsolariak indartuta ziruditen, hurbiltasunak ematen duen beroa eskertuz bezala, eta une hartan hasi zen dudarik gabe Iruñeko besta nagusian eman den bertso-saiorik ederrenetakoan bihurtu dena. Maiak deitu zuen bezala, “Sanferminetako momentikoa”, bizi izan dutenen gogoan hiltzatuta geratuko den horietakoa. Soinuak ere ospa egin zuen hasieran, baina jada ez zuen ezerk inporta. Saioak aintzina jarraituko zuen, bai edo bai, tekinari, antolatzaile, bertsolari eta ikusle orok hala nahi zuelako. “Zuek zarete gure elektroindarra”, amaitu zuen puntukako ariketa inprobisatua -prestatutako gaien zerrendan ez baitzegoen aurreikusia- Alberdik.

Tarte batean soinuak ere huts egin bazuen ere, saioari eustea lortu zuten antolatzaileek

Trabak gailenduta, saio goxo eta berezia izan zen, Sanferminetan eman den ederrenetakoa

Bertsoak, distantzia fisiko murritzagatik edo, bete-betean iristen ziren publikora eta honen erantzuna ere neurri berean kontrako aldera, txalo eta algara biziz. Saio guztian zehar gai andana landu ziren, gehienak Sanferminekin lotutakoak eta umorea nagusi izan zutenak;nahiz eta egon zen aldarrikapen eta hausnarketarako tartea ere, Maiari tokatu zitzaion Altsasuko gazteen egoera medio.

Hala ere, agurretan bildu ziren saio guztiko sentipen nagusiak, eta lau bertsolariek publikoaren eran-tzun beroa eskertzeko erabili zituzten akabailako hitzak. “Eskerrik asko hain sarri, ez da txalo goxorik aditzen, nahiz eta orain zaudeten, hemen nola ardiak Auritzen, lehenago bota ta botata zegon, ta etzineten mugitzen, ta herri honen metafora, bat dugula zait iruditzen, naparra aspaldi ohitua baita, euskaran alde bustitzen”, bota zuen Karrikak, eta ildo beretik jarraitu zuen Alberdik ere: “Ez dago gauza txarrik, trukez onik gabe, zaparradak ipini gaitu parez pare, dago kalea bustita, ta oholtza aldare, kantuz segiko dugu ia-ia debalde, eragozpenen kontra eta zuen alde”.

“Lehen ikusita topera nola, bete den oholtza ixkina, iruditzen zait zaleak duen, goranako imagina, dela bertsoa dela zeozer, herriarentzat egina, bertsolaria norbait gertuko traturako atsegina, ta hori dela bertsoak duen sekreturikan haundina”, borobildu zuen saioa Sotok.

azpimarratzeko

Inprobisazioa nagusi. Inprobisatzeko gaitasuna ezinbestekoa izan zen larunbateko saioan. Euri zaparrada medio, ehun lagun inguru oholtza gainean bildu behar izan ziren.Jon Maiaren amaierako agurra. “Euskera egunero da, gure zapitxo gorria, hemengoak gara denak, berdin zaigu jatorria, ta aurrera pasa nahi degu, liburu honen orria, atzean utzi saminak eta bilatu irria, kanpoan euria bazen estalpe hontan jarria, Altsasutik Iruñara hauxe da gure neurria, egoera guztietan kanta-tzen duen herria”.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia