Nikolas Zendoia, gordetako bertsoak berreskuratzen

Zarautzen bizi den bertsolari aiarrak ‘odei guztien azpitik’ bertso-liburua, bere laugarren lana, kaleratu berri du auspoa bildumaren eskutik

Ane Rotetaren erreportajea eta argazkia - Miércoles, 12 de Julio de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Nikolas Zendoia bertsolari eta idazlea, bere liburu berria eskuan duela.

Nikolas Zendoia bertsolari eta idazlea, bere liburu berria eskuan duela. (N.G)

Galería Noticia

Nikolas Zendoia bertsolari eta idazlea, bere liburu berria eskuan duela.

Nikolas Zendoiak (Aia, 1941) gaztea denetik du bertsolaritzarekiko afizioa. Etxean morroi bezala zuten “gazte errezildar batek” piztu zion kuriositatea 15 urte inguru zituela, eta harrezkeroztik bertsolaritzaren munduari lotuta egon da nola edo hala.

Urte luzez (hain zuzen ere, 2004tik gaur egun arte) egindako bertsoek argia ikusi dute orain, Odei guztien azpitik izeneko bertso-liburuaren argitalpenarekin, eta beteta zuen kajoiari “garbitu ederra” eman diola dio Zendoiak lan hau kaleratzean. Baina, ez da bertsolari eta idazleak idatzi duen lehen liburua;izan ere, Auspoa bildumaren eskutik Beranduko birigarroa (1998), Egan dijoa(2005) eta Sasi guztien gainetik(2008) argitaratu zituen. Lehenengo biak bertso-liburuak izan ziren, eta hirugarrengo prosa-liburuaren ondoren, berriro ere bertsotara itzuli da aiarra.

Guztira, 49 bertso-sail bildu ditu liburuan, eta idazleak azaltzen duenez, gaiak askotarikoak dira: “Bertso sorta bakoitzaren hasieran adierazpen txiki bat egin dut bertsoa nondik doan azaltzeko eta gaiak asko dira, baina oro har, ikutzen ditudanak eguneroko gai xeheak dira, egunerokoan gertatzen diren gauzak”. Hori bai, gai bat hartu eta horrekin jolas egiten du bertsoa osatzeko. Adibidez, Martera joan naiz ametsetara izenburua duen bertso sortan, Andoni Egaña, Peñagarikano eta Nahikari Gabilondo bertsolariak hartu ditu hizpide. “Peñagarikano txofer gisa jartzen dut, eta Nahikari plater hegalari batean mojak dantzalekura eramaten”, azaltzen du Zendoiak barre artean.

Arotza izan zen ogibidez Nikolas erretiratu zen arte, eta egun bertsoak idazten ditu eta Diario Vascon zutabe bat idazten du hamabostean behin. Aitortzen duenez, kaleratu berri duen liburuak harrera ona izatea espero du irakurleen artean: “Badakit jarraitzaile asko ditudala egunkariko lanaren harira eta lan honekin nire inguruak jarraituko didala espero dut”.

Bertsolaritzaren egungo egoerari buruz galdetzean, bertsolaritza ez dela aldatu dio, “bertsolaritzarekiko jakintza” baizik. “Bertsotarako artea lehen ere bazen, baina jakintzarik ez genuen. Gaur egun, ordea, bertsoaren ertz guztiak lotuta daude, eta ez hori bakarrik, entzulegoa ere aurreratu egin da. Guk ikasketarik ez dugu izan, baina nik gaur egungo mailari errespetu handia diot: umetatik hasten dira bertsoak, errimak eta loturak lantzen eta nik horien aurrean txapela kentzen dut. Badira pertsona batzuk benetako bertsoak lehengoak zirela diotenak, eta nik horrekin mina hartzen dut”, dio Zendoiak. Eta, bere iritziz, Zarautzen bertan ere afizio handia dago eta hori ere “poztekoa” da.

Odei guztien azpitik argitaratu berri du Zendoiak, baina bertsolaria ez dago geldirik azken hilabeteotan. “Ari naiz bertso gehiago sortzen eta urte honetan dagoeneko lau sorta ditut eginak. Ea birigarroak noiz edo noiz bosgarrena egiten duen!”, dio idazleak amaitzeko.