Jainko-efektua gurean

Por Patziku Perurena - Miércoles, 19 de Julio de 2017 - Actualizado a las 06:09h

deus baino lehen esan, Urbeltzen eta Jauregiren lan eta argumentu batzuk gustora leitu izan ditudala, eta halaxe leitzen segitzeko asmoa dudala, baina edozein lan publiko “aho batez ukitu eta ukatu ezineko sorkari sakratutzat jotzea”, ni bezalako gixajo batek behingoz haien alderdi jakin bat “ergelkeria”-tzat jotzea baino askoz ere arriskutsuago eta errespetu gabekoago iruditzen zaidala. Hau esan behar izate hutsak, lotsa ematen dit, baina, tira…

Kritikarik eza edo ezina dela medio, jainko ahalguzidun bana sortu dugu kasik, gure diziplina banatan. Hain maiztua den euskal folklorean, esaterako. Eta klaro, jainko-pedagogia horrek bere lan basatia egin du gure gizartean. Ikusi, bestela. Duela urte bete inguru, xinpleza hauxe esaten nuen, bostehun urteko ezpatadantza kontuak xehero aztertu ondoren:

“Bakar bakarrik esan, auzolotsa sortzen didala atzenaldera Urbeltz jaunak ezpata intsektua ezpata armarekin nahastuz asmatu duen ergelkeria buru­buz­tanik gabeak. Izan ere, ez­pada (lat. vespa) zer den ederki ikasia eta nozitua bainaiz, Goizue­tako bordari gehienok bezalatsu”. Eta haizea jostera bidali ninduten Kronikatik.

Urte betera, zentzuzko egia ttiki biribil horixe aditu eta aintzat hartu beharrean, hara zer leitzen nion Koldobika Jauregi eskultoreari gaur bertan (2017-4-2) jainko-efektu berberagatik zentsuratua naukanBerrian:

“Juan Antonio Urbeltz ere gurekin ari da lanean, ia hirukote bat gara. Harekin dantzaz hitz egiten genuen bakoitzeko aipatzen zuen zein lotura duten euskal dantzek intsektuen munduarekin. Berak idatzitako ehunka folio eman zizkidan. Bitxia da, esaterako, ezpata dantzariak ez ikustea gerlari modura, baizik eta ezpata euliaren gisan”.

Eta bitxikeria horren filme ederra espero omen dugu. Batek esan lezake: “Ehunka folio, bale! Poesian dena libre dela, bale!”. Baina, nik diot, berrizkoan ere, ergelkeria, nahiz mila modutara apaindu, gero eta ergelkeria sofistikatuago izanen dela: “ergelkeria hiperapaindua”, hori estimatzen baitu arruntenik gaurko jendeak. Zer argumentu eta zer dokumentu? Ieup eta jei! Munduan beste inon ez bezala, euliekin ezpatadantzan gu! Gora baskoiak!

Holako gauza mundialetarako beti festagose Leitza, hementxe ari dira grabaketa sekulakoak egiten azken asteburuotan, eta hona Jauregik aipatu ehun folioko teoria zientifikoa nola laburbildu zuen joan den larunbateko teleberrin (73. kapit.) gure dantzen guruak, ezerezari irrika: “Cuando no hay argumento se pasa al documento, hemen del documento atzekaldean salto bat al argumento. Hau ez da sinesteko, hau ausardia ikaragarria da”. Zer argumentu eta zer dokumentu? Ieup eta jei! Luza, ezker eta jauzi! Hona gure herrigintza.

Inork ezagutzen ote du, ordea, Europa guzian, herri dantzekin holako fantasmakeriak egiten ari denik? Galde egiten dut, umorez eta ikasminez galde. Izan ere, irudipena daukat, kritika finak alderantzizko efektua sortu ohi duela gurean. Inoren lanaren alderdirik ergelenak, eta hain juxtu ere horrexegatik kritikatuenak, bihurtzen baitira hemen segituan, babestuen, apainduen eta hedatuen, non zentzuzko alderdi on guzia kasik estalirik uzten duten.

Nik jainko-efektua deitzen diot honi, joan den aspaldian, eta badu zer ikusia, hain juxtu ere, ETAren kultur pedagogiarekin (oroit Hilen Xarma liburuaren atzenean esaten nuenaz, 328-29 or.) baina baita gure kulturaren alderdirik fantasmenak indartzen segi nahi duten betiko eragile faktiko batzuekin ere.

Bai, Urbeltzek jainko botere osoa du atzetik: ekonomikoa, mediatikoa... Hola nor ez sentitu “iraultzaile”? Debate eder baterako gaia litzake, deus ez eta festarena gurean. Seguru Atxagak berak firmatuko lidakela, nahiz nik baino askoz ere lehunago;lehunegi nire idurirako, behar duenak ongi entenditzeko. Baina, jainkopeko herrigintza “ez sinesteko” honetan, nola egin tentuzko debaterik? Non? Norekin?...

Eta ez bedi gaizki hartu. Herriak, noski, dantzan egin behar du, eta nik ere badakit zerbait horretaz. Ez hori bakarrik, jan, edan eta festa giro horretantxe zorrozten da nire tresna preziatua: hitza, gizakiak inoiz sortutako urrerik arinena eta merkeena deneko hau. Bai, herriak dantzatu egin behar du, eta ez egon guru jainkotu batek dantzaren parodia noiz eta nola egin agindu zain. Segi dezatela Urbeltzek eta konpainiak, baina, haiek segitzekotan nik isildu egin behar badut, ez al da gurea, oso giro urdea?...

Argiaren ahoa ixteko, Agirrek emandako erantzun mitiko hura datorkit: ¿Usted qué se considera, vasco o español?”. “Soy vasco por la gracia de Dios y español por desgracias de la historia”. Horra gure mixeria, “jainkoaren grazia” beste arrazoirik gabe sortu/irauli nahi dugula berriz ere “historiaren desgrazia”, funtsean eta zakar esateko “jitonegar” espantuzkoa baino ez dena. Ez, ez gaizki hartu, faborez, neure burua sartuz gauzak zenbat eta xehago eta barrenago aztertu, orduan eta argiago baitaukat hau.

Euskal Prentsak Ukatua (hemen ez ordea).

Últimas Noticias Multimedia