Euskal dantza ikastaroetako izen-ematea zabalik dago

Iazko arrakasta ikusita, Zarauzko Udaleko Kultura sailak hiru talde osatuko ditu urritik aurrera

2017(e)ko uztailaren 22a, larunbata - 06:11etan eguneratua

Zarautz- Euskal dantzen inguruko giroa sortu eta erromeriak manten-tzeko helburuarekin Zarauzko Udaleko Kultura sailak dantza ikastaroak eta dantzaldiak antolatu ditu datorren ikasturtean ere.

Aurreko urteko arrakasta ikusita, aurten hiru talde osatuko direla jakinarazi du Nekane Iribar Kultura zinegotziak: “Joan den ikasturtean hasiberrien taldean 30 pertsona izan ziren eta jarraipen taldean 40 inguruk hartu genuen parte. Jendea kanpoan geratu zela ikusita, aurten hasiberrien talde bat eta jarraipeneko bi talde osatuko ditugu, ahalik eta aukera gehien zabaltzeko parte hartu nahi duten guztiei”.

Ikastaroak 2017ko urrian hasiko dira eta 2018ko maiatza arte luzatuko dira. Aurreko urtean bezala, ikastaroa Aritzbataldeko kiroldegian izango da eta Alaken taldeko Goizane Arregik emango ditu eskolak. Guztira, 42 ordu izango dira aurtengo ikasturtean: 28 egunetan, 1,5 ordu egunean. Matrikula 85 eurokoa izango da eta izen ematea dagoeneko zabalik dago Kultura saileko telefonoan (943 005120) edota posta elektronikoan (kultura@zarautz.eus).

Dantza eskoletan ikasitakoa erakusteko asmoz, Alaken taldeak hilean behin dantzaldia eskainiko du. Iaz bezala, Musika Plazan izango dira emanaldiak, 12.00etan, hileko lehen igandean. - A.R.