Bukatu dira Mutiozabal sendotzeko lanak

Orioko Udalak ontziolaren egitura sendotu eta horretarako aurrekontua ia 140.000 eurokoa izan da

A.R. - 2017(e)ko uztailaren 26a, asteazkena - 12:31etan eguneratua

Orio Orioko Mutiozabal ontziola eraikina sendotzeko lanak amaitu berri dira, eta Orioko Udaletik azaldu dutenez, lehen fasea zaila izan da, eraikinaren egoera oso txarra zelako obrak hasi zirenean.

Eraikin zaharreko egitura osoa sendotu du Udalak, ahal zen guztia mantenduz. Egituraz gain, Udalak teilatua berritu du eta kanpoko hormak ere txukundu eta indartu ditu. Bestalde, teilatuan argizuloak ireki dituzte eta erreka aldera ematen duen fatxadan portxe gisa funtzionatuko duen atea egin dute.

Obraren kostua 139.771 eurokoa izan da, aurreikusitakoa baino 35.000 euro gehiago. Izan ere, amiantoa zegoen eraikinean eta hori kentzeko lanak egin behar izan dira eta eraikinaren egitura uste baino okerragoa zen. Lanak Murgil Eraikuntzak egin ditu, Betilan enpresarekin.

Udalaren asmoa da ontziola berreskuratzea, ontzigintza tradizionaleko jarduerak egiten jarraitzeko eta hilabeteotan zehaztuko ditu egingo diren hurrengo lanak. 

Últimas Noticias Multimedia